Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Bilera

Euskara elite burgesaren pribilegio dela aipatu zen aste berean, Seaskaren hezkuntza komunitateak ‘aski da’ esan eta Bordeleko unibertsitatean okupazio ekintza ikusgarria egin zuen

Bileran oroitzen dut Eugenio Otsoa azkeneko aldiz. Gai mingotsa zen, ez gozoa behintzat, eta halere zen modukoa ageri zen gizona: pasioz gainezka eta harremanetan txeratsu. Galera handia da bere heriotza.

Batetik, bileren hari horri tiraka, aspaldian buruan dudan zalantza bat planteatu dut lagunartean: lehen ohikoa zena, bileretako partaideek orri ertzetan forma geometrikoak edo marrazkiak zirriborratzea, galbidean dago? Lagun batzuek diote baietz, eramangarri atzean gotortzea dela orain ohikoa, akta plantak eginez bestelako kontuak egiteko, eta, besteek, ezetz: kontzentratzeko baliabidea dela hainbatentzat marrazkia eta horiek jarraitzen dutela arte langintzan.

Bilerek egungo gizarte hiperproduktibo indibidualistan duten fama txarra ez dakit guztiz merezitakoa den. Egia da inoiz pentsatu izan dudala iraultzak bilera batean harrapatuko gintuela, baina, horren alternatiba bada gertukoen artean bazkari bat antolatzeko juntatu ordez 78 whatsapp mezu trukatzea edota bileran aurrez aurre esan beharrekoez sare sozialetan jardutea, nahiago dut «bileritisa». Botere harreman, maskara dantza eta gainontzeko ajeak ere aintzat hartuta kohesio, lan banaketa nahiz proiektu partekatuen ganga-harritzat baitut-eta batzarra.

Halaber, bilera mailua izan liteke, baina ez du torlojurik sartzeko balio: arotzaren egia da, baina maiz ahazten duguna. Euskara elite burgesaren pribilegioa dela aipatu zen aste berean, Seaskaren hezkuntza komunitateak ‘aski da’ esan eta Bordeleko unibertsitatean okupazio ekintza ikusgarria egin zuen. Teilatuetako deabru bihurtu ziren pankarta eta guzti. Miresgarria da ikasle, irakasle nahiz familiek erakusten duten kuraia, eta merezi eta behar dute horregatik guztion babesa, hor jokatzen baita hiru probintziatan gure herriak bizirik iraun dezan partida garrantzitsu bat. Ekintza desaktibatzeko-edo, errektoreko kabineteko kideak hurbildu ziren protestan ari zirenekin mintzatzera, eta bilera proposatu zieten. Hauen erantzuna, hitzez hitz, hau: «Bilkurak izan ditugu, orain erantzunak nahi ditugu».

Bilatu