Kanposantuan batutako ziza eskukada bati bezala begiratzen diot Seaskako egutegiari. Ez ekimenari edo xarmagarri den kartulina bertikalari herrarik diodalako, egunekin lotutako izendegiaren igarotze gupidagabeak udan gaudela dioskulako baizik.
Uda bedeinkapena da haizea alde duenarentzat. Baina ez da kasualitatea bikote haustura gehien urtaro horretan gertatzea, eta errutina zama propioen aringarri duenari dardarizoa dakarkio bete gabeko orduen metatze handiak. Neronek ez diot udari herrarik, zutik baititut zoriontasunaren zutabe emozional eta ekonomiko gehienak eta, horrenbestez, beroa arintzeko txokoak fitxatu, zaintza lanen artean irakurtzeko tarteren bat topatu eta abiada moteltzea dut xede.
Alabaina, ez dut zoriontasun erabatekoa. Ezin diot haserretzeari utzi Bilboko Bira espazioarekin gertatzen denagatik. Ez ditut ezagutzen sustatzaileak, ez naiz inon bertan egon. Baina lana ezagutzen dut, estimua diodan jendeak bere samina adierazi du eta hain da iraingarria zerga-bilketaren errekor garaian Bizkaiko Aldundiak esatea ez dituela 30.000 euro egitasmoarentzat, non odola irakiten jartzen zaidan. Horregatik ezin dut burutik kendu halakoetan ze bakarrik uzten ditugun euskal kulturarekin lotuta lan profesionala garatu nahi dutenak. Zenbat exijitzen diegun eta gero ze gutxi eman. Hezkuntza publikoko zerrendetan lan egitearen B aurpegi moduko bat bilakatzeraino euskal hiri bakarrean euskal kultura sustatzeko bizitzea.
Ez nuen horrela amaitu nahi. Komentatu gura nuen zer pentsatu eman didala Oihana Bartrari bertsolaritzaz eginiko elkarrizketa batek; ari naizela Goiatz Labandibarren “Eresia” irakurtzen eta barrezka. Eguzkiari emango baitio bira gure planetak, baina guk bultza ezean ez dira egoera batzuk aldatuko. Unai Iturriagak ondo azaldu zuen gaia GARAko bere tiran: Bira kasuan isilik egotea komeni da hemen denok elkar ezagutzen dugulako. Hiltzaile gabeko hildakoen herria delako gurea, baina autopsiek ez dute ezertarako balio epaiketa batean amaituko den ikerketa kriminalik gabe.