Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Cadillac baten aurrean

Aurrekoan Cadillac auto klasiko bat ikusi nuen bizitzan lehenbizikoz. Aramaion izan zen, sagardotegi baten aparkalekuan pausatuta zegoen, bere distira harroa eta guzti. Lagun batek, parean jarrita, Kuba aipatu zuen, nola ez. Frikitasuna isilpean eramaten ikasi du batek, gehiegitan galdetu didatelako ea nola litekeen dudan ‘enpoiloi’ curriculumarekin bideojokoak maite izatea, eta horregatik ez nuen esan Cadillac bati Dinosaurs abizena datorkiola hobekien. Izan ere, ordu batzuk igaro nituen Arrasateko Musakola auzoko ‘saladejuegosean’ hogeita bost pezetako txanponak zirrikituetan amiltzen. Eta, gezurra badirudi ere, diru xahutze ez osasuntsu horri esker ikasi nuen nolakoak ziren nire herriko PSOEko kideak. Espaziorik konpartitu ezean, ezin elkarri buruz ikasi.

Zaila dena da leziorik ikastea egungo euskal panoraman. Herri batzuetan txosnengatik eztabaidatzen ari dira. Beste batzuetan errotuladorez eginiko margoketek dakarte hizpidea. Bada, beti iruditu izan zait kulebroi horien fenomenoa bideojokoetako bukaerako munstroaren aurretik dauden erdipurdiko gaiztagin saldoa. Finean ez duzu txikikeria horiek xaxatzen dituzten haien kontra borrokatu nahi, baina parean jartzen zaizkizu eta haiek apartatu beharrean suertatzen zara final boss-a aurkitzeko. Hala pentsa izan dut beti, harroxko, benetan uste nuelako, konfrontatzekotan, hobe zela benetako boterearen aurka egitea. Estatuen eta kapitalaren munstroen aurka. Gaur arte.

Politika instituzionala ez da oro. Etorkizuna jokoan dugu alor gehiegitan, eta ezkerreko abertzaleok ez ote gabiltzan herabeegi, horra nire duda. Politikaren jokaleku belaunaldi arteko elkarrizketak izan behar dira. Familia bazkariak. Kuadrillako poteoak. Gure urtebetetze egunetan pastak uzteko tabernak edukitzeko eskubidearen alde. Cadillac bat ikusi eta Kubaz eztabaidatzeko beharraren alde. Hatortxuen alde. Bideojokoen azken munstroak paperezko tigreak dira, eguneroko sestra txikiekin alderatuta. Alferrik da kexatzea gero abandonatutako orubeetan eraiki diren etxeen plantagatik.

Bilatu