Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Daniel Blake Cartagenan

Biziki aholkatzen dizuet Murtziako Cartagena hirian 1992. urtean grabatutako irudiak ikustea "El año del descubrimiento" dokumentalean. Luis Lopez Carrascorena da, eta egonezin bat islatzen dute, Curroren Sevilla eta Cobiren Bartzelonatik urrun geratzen zen hiri baten haserrea, lehertu zena langile protesta istilutsuetan. Ongarri, meatzaritza nahiz siderurgia arloko enpresa garrantzitsu batzuk eta Bazán Estatuaren ontziola militarraren Cartagenako egoitza kinkan zeuden, azken hau sozialistek saldu zutenez gero aita-ponteko ahaltsuagoak zituzten Galiziako eta Cadizeko ontziolak libratzeko. Hura zen esamesa Cartagenan, langabezia handiko testuinguru batean, ur faltak erasandako nekazaritza ere ezinean ari zelako. 60.000 lanpostu zeuden jokoan, enpresa handi hauen itzaletan bizi ziren enpresa txiki ugariak aintzat hartuz gero.

Giro bero hartan, molotov koktel batek eztanda eginda hartu zuen su parlamentu autonomikoak 1992ko otsailaren 3an. Aurretik 200 polizia eta 2.000 langile elkarren aurka borrokan aritu ziren, zauritu andana eraginda. Egunkarien lehen orriek jaso zuten albistea, eta Madrilgo boteretsuek, agian etor zitekeenagatik izuturik, lan erregulazio txostenak leundu zituzten. Azkenean, berdin-berdin itxi ziren enpresa handiak, eta sindikatuek lortu bazuten ere Felipe Gonzalezen Gobernuak sinatzea plan ekonomiko ezohiko bat Murtziarako, finean industriak agur esan zion Mediterraneoko bazter hari.

Beste itsasertz batera jota flipatzen ari naiz, ez ninduke harritu behar Tony Blair gogoratzeko bezain zaharra naizenez gero, Britainia Handian Keir Starmerrek gidatzen duen gobernu laboristaren jardun traketsarekin. Palestinarekin solidario diren musika taldeak jazarri, pentsiodunen eta lanerako ezintasuna dutenen laguntzarako baldintzak gogortu... Badirudi ez dutela Ken Loachen filmeko Daniel Blake nor den ezagutzen, eta okerrena da ez dutela espero haserrea inoiz haiengana iritsiko denik.

Murtzia zer den egun, zer izan zen eta zer izan zitekeen. Horra ispilu on bat, Starmerrentzat eta gu guztiontzat.

Bilatu