Dena hondoratu dute eta hondoratu nahi dute
George RR Martinen zaleentzat “Tronuen Jokoa” obran “Ezkontza gorria” deituriko pasartea denaren parekoa izan zen niretzat Dena fragata-ontzi irandarraren hondoratzearen notizia. Horrorearen kronika hutsa. Elkarren arteko gerran daude gerra adierazpen formalik behar ez den garaiotan Iran, Israel eta Amerikako Estatu Batuak, eta beste behin forma zibilizatuen abandonuak edukia arinago kirasten du. Irudikatu egoera: Dena fragata irandarra zen, ehun marineletik gorako eskifaia zuena, eta Indiako Gobernuak gonbidatu zuena inguruko beste hainbat herrialdetako ontziekin batera maniobra militarrak egitera. Baldintza hau bete behar zuten parte hartzeko: armarik gabe joatea.
AEBk ere hartu zuen parte maniobra horietan, bazekiten beraz Dena ontzi babesgabea zela, eta, fragata etxera bidean zela, urpeko ontzi yanki batek hondoratu zuen. Hainbat lege urratu dira aldi berean kasu honetan, nire ustez. Bata, itsasoaren legea, zaharra bezain unibertsala dena: hondoratu den ontzitik inor bizirik atera bada, naufrago horiek erreskatatu beharra dago, baita etsaiak izanik ere. Sri Lankako Gobernuak biziak eta hilotzak erreskatatu zituen uretatik, baina Washingtonek soilik periskopio irudi harroak partekatu zituen. Bigarren legea urratu dena da abegi onarena. India isilik geratu da erasoaren ostean, isilegi, irakurtzekoa da etxe honetan duela egun batzuk Mikel Zubimendik Modiren eta Netanyahuren arteko harremanei buruz idatzitakoa, eta hori askotxo da norberak bere maniobra militarretara gonbidatu duen ontzietako bat erasotua izan denean. Lagun batek kasuari buruz hizketan esaten zidan maniobrak jada bukatuak zirela, Indiak berez ez zeukala erantzukizunik etxera bidean zen ontziarekin, baina ni kezkatu ohi naiz nire etxera festa egitera etorri diren guztiak onik etxeratu direla egiaztatu arte. Eta, bukatzeko, urratu den hirugarren legea gerrarena da. Arma gabeko ontzi bati erasotzea, soldaduei errenditzeko aukerarik eman gabe, normalizatu ezin den krimena da.
Madarikatuak.
