Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Eukaristia

Geoffrey Hinton izeneko batek Google utzi du Adimen Artifizialak ekarriko digun kalamidadeaz ahobizarrik gabe jarduteko. 2018an Turing saria jaso zuen deep learning-ean eginiko ekarpenengatik; ez da edonor beraz, eta damua ageri du omen datorkigun Skynet-a indartzeko egin duen lana dela eta. Atsekabe horren atzean legoke "Don’t look up" filma ikusi izana, eta bere ustez antzeko egoera bat bizitzen ari gara.

Clickbaitetik gertu zegoen albiste bat dut iturri eta antzeko albiste zirintsu batzuetan konfirmatu. Halaber, ben trovato datorkit eukaristia berba testuan sartzeko. Transubstantziazioari buruz arituko nintzateke gustura, baita kristautasunaren askotariko adarrek erritu hori nola ulertzen duten moduaren inguruan ere, interesatzen baitzait gaia, baina Martin Abade –Gesalibarren hala deritzote, eta beste leku batzuetan Mateo Txistu– da eukaristia aipatzeko motiboa. Mitoa ezaguna da: meza ematen ari zen apaiz ehiztari porrokatuari zakurrak zaunka hasi zitzaizkion, eta eukaristiaren erdian dena utzi eta erbi ehizari ekin zion.

Alderrai dabil Martin Abade deabruaren atzetik bere bulkadak lehenesteagatik, eta hemen gabiltza gu ere meteoritoei bizkarra emanda. Giza kondizioa da. Pentsa ezazue zuen herri edota hirian gauez ixten den azken tabernan. Parrandan zaudete eta itxiera ordu jakina baino bost minutu lehenagoko unea da. Argiak jarrita daude, musika isilik eta erratzak bistan. Kolega batek, dei diezaiokegu Antonio Turiel, Petrokalipsiaren ordua dela diotsu. Zu, zaputz halakoa, harekin haserretu zara kasik. Demonioaren abestia da  que esto va a durar siempre, itsuturik desio duzun bakarra zerbitzariaren gupida eta arreta dira. Azken tragoa besterik ez, biharamunari iskin egitea, gauaren infinitutasunean fedea. Begien bistan dugunarekiko jarrera egoskor horri parranda gose dei diezaiokegu; berekoi gisa epaituko gaituzte ordea. Eukaristiak beste solemnitate bat nahi du gure trago eskatze keinuak besoak altxatuta, eta mozkor patetiko batzuk besterik ez gara tabernarien begietan.

Bilatu