Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Garbitokietan

Jon Trollope, hamabostean behin. Hala omen zihoan labanderiara. Lucia Berlinen ipuineko buruzagi apatxea, maizago. Narrazioko protagonistak, hiria garbitoki zehatz batera joateko zeharkatzen duen emakumeak, txanponak garbigailuko zirrikituan sartzen laguntzen dio gizonari, alkoholak erasandako eskuaren dardarak zailtzen baitio. Konplizitate tristea, hori da borrokaren alaitasunak batzen ez dituen proletarioen kontsolamendua.

Ez dakit halako garbitoki moderno batean egon zareten inoiz. Pentsatzen dut baietz, AEBek irradiatzen duten beste guztia legez iritsi zirelako gurera ere, tantaka hasieran, zaparradan gero. Nik aurrenekoa Brooklynen baliatu nuen, Pazko asteko oporraldi batean. Identifikatu ez nuen azentu batean espainieraz ziharduten emakume berritsuak, aldizkari bat irakurtzen ari zen gizon hezurtsua, buruan beisbol bisera uhertu bat zuena, eta laurok geunden eserita zain. Garbigailuen bira bakoitza munduaren biratze propioarekin sinkronizaturik ote zegoen pentsatzen aritu ginen, akaso. Ziur gutakoren bat damutua zela bezperan ketchup saltsa afaldu izanaz, hain baitzuen maitea bere atorra zuria. 

Kontua da Arrasaten gurasoen etxepean zabaldu dutela berriki halako negozio bat, beste denda batzuek porrot egin duten tokian. Bizimodua mundu mailan berdintzen ari dela diote. Ba ote? Akaso gauzen presentzian, bai; pertsonentzat nekez. Hala, Torre Pacheco −Murtzia, enegarrenez− egon da askoren ahotan. Faxismoa, enegarrenez. Oraingoan apur bat serioago, tamalez. 

Sinplifika dezakegu migrazioaren auzia nahieran; bada aski datu eta estatistika norberak bere komenentziarako baliatzeko. Falta zaiguna da kulturartekotasunari buruzko eztabaida serioago bat. Material intelektuala ekoiztea, edo dagoena ordenatzea. Iñaki Sotok zioen aurrekoan abertzaletasunak herritar guztiei egin behar diela eskaintza politikoa. Ijito herriari buruz ari zen, baita migranteez ere; artikulu interesgarria da. Proposamen bat: utz diezaiogun eskola segregazioa bakarrik ahotan hartuta beste segregazio handiago batzuk estaltzeari.

Bilatu