Telefono dei bat jaso eta alboan dudan egunkari zahar baten ertzean idatzi ditut jarraibideak. Keinu xumea izan da, baina haurtzaroko mundu galdura eraman nauena ostera ere. Orduan dena zen glosa, telefono finkoaren aldameneko paper txatal idatzietan: hitz solte, zenbaki, matematika sinple. Gaur egun telefonoan batzen ditut oharrak. Esaterako, Oihane Zuberoa Garmendia poeta erronkariarrak Orbaizetako Kulturolan esan zituenak landa eremuari buruzko poesia idazteaz: erraiak aipatu behar omen dira olerkietan, odola, gorputzaren jariakinak.
Akaso hori izan liteke bere herria bisitariz eta turistaz inbaditua ikusi nahi ez duenaren autodefentsa: «Landa eremua basa da, ez zaizue ezer galdu hemen» esateko moduren bat. Eta lotsagorrituta akordatu naiz nola “Afrikanerrak” idazten ari nintzen bitartean edota bai, behintzat, buruan nuelarik, ondu nuen mendialdea zentro zuen poesia naif sorta. Eduki nuen Karmele Igartua sariketara bidaltzeko ausardia –leun esanda– eta tribunalak aipatu zuen sari banaketan. Zortez edo, editore bati bidali nion originala eta hark eten zuen olerki sorta haren bidea. “Afrikanerrak” eta poesia sorta hura lan bat eta bakarra ziren, bata ezin ‘leon’ izan bestea ez bazen ‘kastillo’. Iruditzen zait oso interesgarria dela literatura lanak modu isolatuan interpretatzeari uztea.
Literatura naifera itzulita, horregatik beragatik gozatu dut Yaro Abe komikigile japoniarraren Tokyo Stories istorio sortako “La cantina de medianoche”, Astiberrik argitaratua. Shijuku auzoan izenik gabeko jabe baten izenik gabeko tabernak gauerdiro zabaltzen ditu ateak 7.00ak arte. Arau bakarra du: ez dago plateren kartarik; tabernariak eskatzen duzuna egin ahal badu, egingo dizu. Niri komikiak balio izan dit japoniarrak gizatiartzeko, beti fikzioan horren hotz eta horren gordin ageri direnak, eta Aleksandra Kollontairi arrazoia emateko. Iraultzak behar ditu maitasun istorio arrosak eta mundu honek behar ditu itxaropena elikatuko duten kantinak, lañoak izanik ere. Erraiak titularretan badaude, izan bitez ertzak goxo.
