Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Gomazko pinporta koloretsuak espaloi gainean

Artelana dirudi koloretako gomazko pinporta multzoak harea koloreko espaloiaren azalean. Izan, baina, zarra-marrak dira, eta puzka ari da kale garbitzailea astelehen goizez Iturripe kiroldegi kanpoaldeko iturri ondoan erratza astinduta. Hasiak dira egun sargoriak eta ur globoen dibertsioak gutxitan dakar berarekin erantzukizunaren partea; hau da, dena aurkitu den moduan uztea. Irribarre egin diot kale garbitzaileari aldamenetik pasa natzaionean, elkartasuna adierazi nahian edo, baina ez dakit nola hartu duen berak enpatiazkoa behar zuen abrigu hori. Ez nuke nahi pentsatzerik trufatzen ari natzaionik edo ez naizenik jabetzen zeinen esker txarreko lana duen. Nire gorputzaren keinuak traketsak dira, ordea, Bagdadeko morroiaren ipuinean Heriorenak bezalatsu. 

Irabazi du errege kopa Realak eta barrenean emozio guda dut. Poztu naiz, zintzoki, etxeko jokalariak bultzatzen dituen klubagatik eta emaitzagatik txoratu diren zale guztiengatik. Atletico de Madridi irabaztea plazer handia da; hura fatxa saldoa hura; zer esanik ez haien entrenatzailea Cholo Simeone bada −nerabezaroko oroitzapen bizienetakoa dut Julen Guerreroren izter odoldua−. Baina sentitzen dut lorolokeriengatiko auzo-lotsa ere, Gipuzkoako alkateak Sevillara gonbidatuta joanagatiko zalantza eta finaleko sarreren prezio gehiegizkoak izan duen onarpen akritikoarekiko harridura. 

GARAren iragan asteleheneko editorialak markatzen du gaia lantzeko bide on bat; ea inork segitzen duen. Pasako baitira pozak eta apaldu kaleetan kamiseta txuri-urdinen presentzia. Geratuko dira lekuko gisa bideo nahiz argazkiak, iniziatikoak diren errituak −zenbat ume koskor egon ziren pantaila aurrean horren berandura arte aurreneko aldiz−, balkoietako banderak eguzkiak majo higatuak eta Sevillan egon zirenen anekdotak. Lurrean diren gomazko pinporta koloretsu gisa iraungo du finalaren oihartzunak, beraz, denbora deritzon erratzaren esperoan, teilak mugitu eta eztabaida goratuko duen haize gorriaren faltan.

Bilatu