Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Gure zuloak

Miren Amurizak Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakurle taldean aipatu zigun –eta haurtzaroko laguntasun harremanen izaeraz ari zen– esaldia: «Hark −klasekide bati buruz ari zen− Lehen Hezkuntzako 3. mailako Miren ezagutu zuen eta, horrenbestez, ezagutzen du egungo Miren ere. Ez dugu hogei urtean elkar ikusi eta, era berean, ezagutzen nau. Arraroa da». LHko 3. mailako Eneko hura non dago? Musuko zimur eta gerri-bueltako okela artean kukutua? Garunak duen plastizitatea aintzat harturik, eta are gehiago post-likidotasunaren aroan gaudelarik, zenbateraino gara haur gisa definitu gintuen hura? Zenbateko lana dakarkigu ginen ume hura estali, zentzatu edota indartzeko lanak? Autentikoagoa da ume bat, destilatuagoa, haren bertsio heldua baino? Horretaz dihardu, beste berba batzuekin, Kurt Vonnegutek, beste idazle batek: «Noren itxurak egiten ditugun, huraxe gara».

Hau kontatzen dizuet jarraian esateko garen herriaren adierazgarri dela Athletic Club futbol taldearen elastiko berriarekin egon den polemika. Labur azaltzeko hori zertan datzan, Bilboko taldeak kamisetan zazpi marra zuri-gorri paratu ditu −probintzia bakoitzeko bat− eta bizkarrean, Euskal Herriko mugak bere hartan marrazten dituen mapa ñimiño bat. Horren aurrean salto egin dute, amorrazioak jota, UPN, Vox, PP eta enparauek. Salaketa judizial eta guzti. Onartezina omen, mapan nahi politiko nazionalistak ezartzea eta agresio gisa har litekeela Nafarroa edota Ipar Euskal Herriko bazterrak barnean hartzea. Haiek, noski, nahiago lukete gure zuloak agertzea mapan: Trebiñurik gabeko Araba, Nafarroarik gabeko Euskal Erdia, Pirinioen zauria. Arrazoi dute, gure zuloak hor daude eta ez dator txarto noizean behin izatera behartzen gaituztena presente edukitzea. Baina, eta hor adierazten dute Vonnegutekiko adostasuna; benetan askatzailea dena da besteren itxurak egitean bizi dugun askatasuna. Athleticen filosofia ezaguna da, Txantreako eta Hendaiako jokalariak dira lekuko, baina kamisetako irudiak dihardu desiraz, etorkizunaz. Horra fatxen izuaren arrazoia.  

Bilatu