Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Hartzak esna dira

George RR Martin idazlearen obra ezagunena hasten da warg otsokume batzuk Winterfell inguruan azaltzen direnean. Stark familiak lotura berezia du animalia horiekin eta harrigarritzat joko dute halakorik horren hegoaldean agertzea. Animalia horiek abiarazten dute “Tronuen jokoa” obrako trama magiko guztia eta iragartzen dute dragoien eta harrigarria den ororen itzulera. 

Fikziozko otso horiek etorri zitzaizkidan gogora Aezkoan hartza agertu izanaren albistea irakurri nuenean. Eta, pentsatu, ez dela gauza bera aratusteetan hartza esnatu dela antzeztea eta, onddotan ari zarelarik, halako batekin tril egiteko aukera bera egotea, estatistikoki probabilitatea oso apala izan arren: joko arauak aldatu dira, mitoa haragiztatu da. 

Beste gai bati helduz, ez nuen hasiera batean ulertu Ernaik zergatik hartu zituen Espainiako futbol selekzioko kamisetak Gasteizko denda batzuetatik. Gero, baina, jabetu nintzen gazteek badutela etorkizuna sumatzeko usaimena, egia delako Gazteriak gazte antolakundeak zioena: geroa haiena da. Eta esaten ari direna da, ez badugu ezer egiten, ate joka den mundu berria ez zaigula batere gustatuko.

Asmatu zuen Reparazek beraz “Mitoaroa”-ren izendapenarekin, eta mitologia Disneyren atzaparretatik erauzita ulertu behar ditugu piztien aro baten arrisku eta aukerak: ekologistek eztarria urratu arte errepikatutakoa klima aldaketari buruz, euskaltzaleen marrua euskararen kontrako ofentsibari buruz −judiziala, politikoa, sindikala−, baita euskal identitatearen apaltzearen eta nazionalismo espainiar banal arriskutsuaren goratzeari buruz Ernaik ekintzaz erakutsia. Espero genuen hura akaso ez dugu lortu, eta lortua duguna kolokan dago. Baina uste dut gakoa dela pentsatzea mundu berria ez dela biharko zerbait, atzotik hasia dela baizik, eta denoi dagokigula gure arduraz jabetzea. Hartzari eta bero sapari neurria hartuko dion mundu batean posible dela Espainiako selekzioko kamiseta soinean baketsuki euskal kaleetan paseatzea, indarkeria gorena den Euskal Selekzioaren debekua gaindituta egongo delako.

Bilatu