Jakinguraz
«Lo egongo da akaso». «Ez dago lo, hila da». «Nola dakizu hori?». «Badakit. Ardia hila da eta han ez dago ezer ikustekorik, goazen». Baina semeak 5 urte ditu eta heriotzari begietara so egin nahi zion. Jakin nahi zuen. Aski ipuin, mito, nobela edo abesti dago jakinguraren arriskuez ohartarazteko, baina alferrik izango litzateke horiek guztiak gogora ekartzea. Jakingurak mozkortzen duen horietakoa bazara, zainetan daramazu argira bidean betsareak erretzeko arriskua. Gizaki batzuen izaera da.
«Nola hil da? Zergatik? Otsoak egin ote dio eraso?». Nik ezetz, aspaldi ez dela otsorik Aretxabaletan. «Ziur asko hil da zaharra delako». Azkenean eskutik heldu behar izan nuen eta gogorarazi bere amak eta anaia txikiak hartua zutela basora sartzeko bidexka, berandutzen ari ginela. «Gainera, aurki iritsiko dira putreak eta hobe ez bagaituzte hemen aurkitzen». Putreei buruz hitz egin genuen jarraian, nola bizi diren, zein garrantzitsua den haien lana, nolako moko makurra duten. Basoan sartzear ginelarik azkenekoz biratu zuen burua, belardian zerraldo zen animalia begiratzeko.
Gaiz aldatuta, iragan abenduko albiste bat dut parean, Vilaweb agerkarikoa, eta bertan aipatzen zuten Harvard Unibertsitateko gorputegiko arduraduna eta bere emaztea kondenatu zituztela giza arrastoak baimenik gabe saltzeagatik: organoak, azala, gorputz atalak, aurpegiak eta baita buruak ere. Etxera eramaten zituzten eta handik saldu. Albistea hor amaitzen da. Ez dio ezer erosleei buruz. Zergatik datu hori isildu? Zer jende klase da aurpegi bat erosteko gai?
Tira, utz dezadan gaia, ez du jarraitzea merezi. Urteekin jakingura bezatzen ikasi dut, galdera ugari itota eztarrian. Alabaina, Audrey Lordek bazioen isiltasunak ez gaituela babestuko, ezagutza nahiak barrenean badirau ekintzen paralisiagatik gauza bera esan liteke. Hor diraute, gure zain, gizabanakoaren eta gizartearen erronka handi nahiz arriskutsuek: gerra, mina, maitasuna, heriotza. Nola ase ezagutza grina eta aldi berean norbere burua babesten jakin, horra zeregin polit bat.
