Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Jarrera hartu

Quim Torrak ondo azaltzen du gaia bere azken liburuan. Duela mende bateko Kataluniako intelektualentzat 36ko altxamendua erabakigarria izan zen haien bizitza eta obran. Aurrena, bandoa hautatu beharra zuten. Askok hartua zuen erabakia baina, beste batzuetan, izuak, mendekuak eta gorrotoak, alde batekoak nahiz bestekoak, bideratu zuten kokapena. Ondorengo hautua ez zen samurragoa. Armak edo letrak, borrokarako. Egon zen, jakina, hautu hori egiteko adinako askatasunik eduki ez zuenik. Eta, saloiko intelektualak, isolamendu horma gotorren atzean kukututako polemikazaleak, errege-erregina biluzi gisa bistararazi ziren. Torrak honela jarraitzen du: ez zegoen ekidistantziarako tarterik eta guztiek aukeratu behar izan zuten. Isilik geratu zirenek ere egin zuten haien hautua. Simone Weil filosofoak, Durruti zutabera batu zenak, beste hainbat antifaxista europarren gisara, gutun batean hau idatzi zuen: «Gerra ez dut gogoko, baina dituen gauza txarren artean gehien gorroto dudana da besoak gurutzatuta geratzen direnen jarrera».

Hau aipatu dut maiatzaren 17an GARAn Arturo Puentek idatzitako artikulu batek zer pentsatu eman didalako. Haren ustez, klimak exijitzen digu, mundua deskarbonizatzeko dugun urgentziagatik, jarrera hartzea. Zehazki, deskarbonizazioa xede duen kapitalismo baten −hautu txarra− edota erregai fosilak erretzen berdin jarraitu nahi duen kapitalismo baten artean −hautu okerrena−.

Badakit, den-dena nahi dugu. Nola ez. Baina niri gero eta gehiago kostatzen ari zait besoak gurutzaturik mantentzea. Ñabarduretan kateatuta edo hutsalkerian egoteari utzi eta uste dut hobeto informatu eta eztabaidatu beharko dudala energiari buruz. Hura entzun eta bestea irakurri. Lagunen artean gaia atera. Ene pulpitu pribilegiatuak zentzuz erabili. Uste eta erabakitzen dudanarekiko kontsekuente jokatu.

Eta, zutabearen bukaerara iristen ari naizelarik, ezin alde batera utzi Aroztegia auzia. Auzipetuek hautu bat egin zuten eta orain ordainarazi egin nahi diete. Besarkada estu bat eta eskerrik asko zuen borrokagatik.

Bilatu