Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Karvalho

Ea gaurkoan akatsa, gaizki-ulertua eta interpretazio okerraren arteko muga lausoak marrazteko kapaz naizen. Akats ortografikoa da, bistan denez, artikulu honen izenburua bera. Izan zitekeen punk jende eta Espainiako kalimotxeroen dena «k»-z blaitzeko maniaren adiera, sekula askorik gustatu ez zaidana, baina ez, baldarkeria baten adibide hutsala besterik ez da. Bide batez, eta Deba Aretxabaletatik igarotzen dela baliatuta, ez utzi irakurri gabe Alonsoren "Carvalho Euskadin" nobela. Ziur nago gozatuko duzuela.

Bestalde, gaizki-ulertu baten protagonista izan nintzen Elizondon, duela bi larunbat, txokolatea erosteko ilaran. Hona egoera: maiz aski da nire moduko idazle bati literaturaren amua jartzea, oilar bularraz kukurrukuka amaitzeko. Izan ere han nengoen ni, gozotegi ezagun batean, txirrindulari frustratu eta turista erdaldunen artean, hamarreko handian berriketan. Kontatu du pasadizoa grazia handiz "Berria"-n berton zen Ainize Madariagak, eta ez dut detaile askoz gehiagorik gehitzeko. Soilik esatea baietz, ederra litzakeela Nico Rosten liburuko nazien sarraski eremuko gatibuek Goethez gain koheteez amestuko balute. Eta, txistea kontrara eginda, bati otutzen zaizkio Silvioren abestian bezala hainbat Goethe hartzaile hautagai, ondoren esan ahal izateko ojalá las paredes no retengan tu ruido de camino cansado.

Bukatzeko, interpretazio okerra da pentsatzea (H)Ilbeltza ekimena xume eta ahula dela, sasoi berean Iruñean egiten den Pamplona Negra jaialdiarekin alderatuta. Badakit, bai, zifrak, babesleak eta partaideak aintzat hartuta, irakurketa beste bat litzakeela. Baina badugu zerbait euskaldunok, eta hori da gure herriaz harrotzen nauen gauzetako bat, korrontearen kontra gauzarik ederrenak egiteko gaitasuna. Izan Saran, Ean edo Baztanen, euskarazko ekimen horiei maitasun eta gustu on mordoa darie, eta ez du sortu kapitalismoak hori neurtuko duen adierazlerik. Akaso Pamplona Negrak badu boterearen babesa, baina nire ustez kolorean, behintzat, oker daude: beltz izan nahi eta polizia zuritu. Hau marka. 

Bilatu