Behin aditu nion Iñaki Segurolari, ondoren engainurik ez hartzeko, bereizi behar dela ona dena eta opa dena. Esate baterako, bada dionik ona dela langileak 69 urterekin jubilatzea −ona ekonomiarentzat, uler bedi−, eta nik boz goran galdetzen dut ea hori opa dion bere buruari.
Kontrara, beste batzuetan, ona dena opa da. Esate baterako, ona da Peru Magdalenaren “Nazkatasuna” ipuina, Mikel Valverderen marrazkiduna, eta opa diet familia guztiei irakurtzea.
Doako publizitatea da, ez pentsa gaizki. Ez du batere zerikusirik Jordi Pujolek garatu zuen politikarekin. Izan ere, Jordi Pujolek lortu zuen sinetsaraztea katalanei kasik estatu bat zirela, baina, hemen doa gakoa, ez ziren estatua. Ondo azaltzen du jokaldi hura Manel Vidal Boix kazetariak bere “La passada a l’espai” liburuan gizonezkoen futbol selekzio katalanaren ibilbidearekin. Hasieran poz handia sortu zuen, ilusioa, baina gerora ikusi zen kartoizko lehia zela harena, txapelketa ofizialetatik aldendua. Pujolek lortu zuen normalizazio politikoa antzeztea AEBko presidenteak sei minutu bisitatuz edota Madrilgo agintariekin itzulinguru gabe jardunez, presidente autonomikoen bileratara joan-ez-joan mehatxu mengelak alde batera utzita. Baina, bukaeran, dena agerian geratu zen. Kasik estatua izan baino indartsuagoa baita estatua ez izatea.
Gurean antzerako-parecido, baina ageri dira Estatuen atzaparretan arrakalak kirolean, mendi lasterkari, sokatiralari, ardi moztaile edota pilotari selekzioetan. Tamalez estrategia falta zaigu eta independentziaren helmuga esplizitua. Gainera, itzal ugari dugu kontra, Espainiako eta Frantziako selekzioak edo kirol proba ikonikoak arrakastatsu ditugu gurean, eta ez diogu arreta handirik eskaini horri sareko purrustadetatik harago.
Bukatzeko, utzi behar genioke sinesteari dena galtzeko arriskuaren mehatxupean existitzea bera dela gure helburu lorgarri bakarra, eta performanceen aroari amaiera eman.
Datu bat: Kataluniako gizonezkoen futbol selekzioak 5.352 ikusle batu zituen iragan maiatzaren 29an.