1846ko ekainaren 16ko gau epelean ke zuria isuri zuen Vatikanoak. Katoliko ugarik pentsatu zuen Tomassio Pasquale Gizzi zela hautatua eta bere laguntzaileek, konbentzituta, haren kardinal jantziak erre zituzten. Biharamunean jakinarazi zen hautatua Mastai Ferretti zela eta hasierako harridura bozkario bilakatu zen.
Gizon hura Pio IX.a aita santua bilakatu zen, Vatikanoak izan duen garai bizi eta zailenetako baten protagonista. Alberto Pellegrini UBko irakaslearen arabera, liberal fama zuen hasieran buruzagi katoliko berriak. Gogoratu beharra dago katolikoen arimengan edo Elizan ez ezik gaur egun Italia den eremu geografikoaren erdiguneko lursail majoan ere agintzen zuela, eta prentsa askatasuna baimendu zuen, partzialki bada ere, eta armada zibikoa eratu. Pellegriniren hitzetan, Pio IX.aren aldeko manifestazio ugari istiluekin amaitzen ziren, austriar enbaxadaren aurkako erasoekin, hain justu. Baziren uste zutenak aita santu liberal hura izango zela Italiaren batasuna bultzatuko zuen gizona.
Gauzak zer diren. 1848. urteko iraultza olatua Erromara iritsitakoan errepublika aldarrikatu zen eta Aita Santuak mozorrotuta ihes egin behar izan zuen Bi Sizilietako Erresumara. Liberal zena damutu zen bere ideiez eta horren froga da “Syllabus errorum” zerrenda ezaguna, non anatema bilakatu zituen, besteak beste, naturalismoa, sozialismoa, komunismoa, liberalismoa eta gizarte zibilaren autonomia.
Duda egin ohi dut buruzagiek erakundeetan duten rol funtsezkoari buruzko mitoaz. Zenbaterainokoa da haien pisua? Aita santu baten haragi zaharkituak badu benetan aldaketa sakonetarako nahikoa indarrik? Izan liteke, kontserbadore nahiz liberal, izokin eta Pedro apostoluaren oinordeko? Ñabardura: gaur egun ez dago argi ezta zein den gure ibaiaren korronte nagusia ere, erreakzio kontserbadorea edo feminismoak eta beste hainbat mugimenduk eurekin dakarten mundu berria.
Mastai Ferretti 31 urtez izan zen Pio IX.a. Bukaerarako lurrak galdu eta arimak soilik geratu zitzaizkion. Ea zer uzten duen hurrengo Aita Santuak.