Euskal Herrian gutxitan praktikatu ohi da kritika eta bere guraso den eztabaida, eta pena da. Ez da erraza, bidenabar. Eztabaida kulturaren etsai ugarien artean bat zehar-kritika da, norbait larrutzea zuzenean aipatu gabe, jende guztiak ulertzeko moduan baina erantzukizun oroz eskapatu ahal izateko zirrikitua beti zabalik utzita. Badirudi zibilizatua dela, baina hain da publikoki gupidagabea eta perbertsoa, sortzen duelako eztabaidaz kanpoko irakurle eta ikusleengan morbo ez-sano bat, ezen zeharo gaitzesgarri zaidan. Eztabaida oro pozoitzen du hastapenetik bertatik, eta gero nekez eraiki liteke orube horretan ganorazko ezer.
Gutxi gara euskaldunak eta iritzia zintzo ematea nekeza da. Ezin bestela, bidenabar, bakoitza egin behar baita bere hitzen kargu. Baina, kritika kultura on baten faltaren prezioa ordaintzen ari gara arlo guztietan. Maiz ekuazioko atal ahulenekin. Gai garrantzitsu ugaritan lokaztuta, ez atzera ez aurrera, urte mordoxka bat katramilatuta daramagu hamaika arlotan.
Horregatik uste dut badagokigula herri hau maite dugunoi gure adostasunak eta ezadostasunak hobeto adieraztea. Sinetsita nago gimnasiaren pare entrena daitekeen zerbait dela. Nik urteetan praktikatu izan dut literaturan kritika odolzalearen beste muturra, gorespen erabatekoa. Kritika eskasen kulturak berarekin dakarrenari aurre egin nahi nion literatur blog batekin non, salbuespenen bat kenduta, soilik gustuko liburuak iruzkin nituen, pasioz. Hori da bidea, pasioarena, ziur nago, eta, halere, jabetu nintzen nik ere esan nahi eta esan behar nituela beste gauza batzuk gustuko ez nituen kontuei buruz. Ez dela nahikoa ezikusiarena egitea txarrari, batzuetan zerbait esan beharra dagoela hala dagokionean. Ez nekien hori nola egin, ordea, eta horrek, nekearekin batera, blogeko jarduna etetea ekarri zuen.
Oraindik kritikak ondo nola egin ikasi nahian ari naiz. Nire isiltasunaren jabetza hartuta. Hobeto irakurrita.
Horra nire gimnasio honetarako aurtengo errutina. Gonbidatuta zaudete lerro hauetan gustuko duzuena eta ez duzuena argi adieraztera.
