Istorio hau Bob Dylanen 1983ko kantu batekin hasten da. Izena du “Julius and Ethel” eta espioi sobietar izatearen akusaziopean 1953an AEBen aulki elektrikoan akabatu zituzten Rosenberg senar-emazteak ditu protagonista. Akusazio zehatza, fiskal eskrupulu moralik gabe batek bihurritua, sobietarrei bonba nuklearra eraikitzeko ezagutza transmititzea. Memorian gorde kasu honetako fiskalaren izena, Roy Cohn. 70eko hamarkada, New York hiria. Higiezinen promotore batek 14.000 apartamentu zituen Brooklyn, Queens eta Staten Island-en. Urte batzuk lehenago, 1968an, 39 etxe-bloketan etxeak erostea ukatzen zuen, eroslearen azal kolorearen arabera. Justizia Departamentuak auzitara eraman zuen promotorea eta honek 100 milioi dolarreko kontra-demanda bat jarri zion Gobernuari. Azkenean auziz kanpoko tratu bati esker ebatzi zen auzia. Promotorea Fred C. Trump zen eta bere abokatua, Roy Cohn. Cohn, McCarthy senatariaren morroia, mafiaren abokatua, Donald Trump gaztearen mentore bilakatu zen. Bere filosofia horrela laburbiltzen zen: «Eraso egin, eraso egin, eraso egin. Ez onetsi ezer eta ukatu guztia. Ez du axola zer gertatzen den, garaipena aldarrikatu eta inoiz ez onartu porrota». Ezaguna egiten zaizue, ezta? Roy Cohn hiesak jota hil zen eta, homosexuala izanik, bizi guztian homosexualak jazartzen zituztenekin batera jardun zuen. Film eta telesailetan landu den pertsonaia izanik, asmatuko zenukete “The Simpsons” telesaileko zeinek duen haren traza? Azken hipotesi bat. McCarthysmoa jazo zen aurrerapauso teknologiko handiko lehia une betean. Eta garai hartan energia nuklearra zena gaur egungo adimen artifiziala izan liteke, potentzien gutizia. Teknologiak kili-kolo utzi ditu gure erakundeak, baita gizartea bera ere, eta esango nuke McCarthysmo berri batean gaudela, Roy Cohn-Trump hariak lotuta. Zorionez, McCarthy eta enparauek galdu egin zuten eta berriz ere galduko dute. Pentsa dezagun zer egin zen irabazteko, ea orain horrek balio digun.