Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Neurri estuan

Bertsotan hankaluzea esaten zaio formatu artistikoari dagokion neurrian kabitu ezin den ahapaldiari. Eta metaforikoki ez ezik fisikoki ere hankaluze garenok nekez kabitu ohi gara gaur egungo garraiobide nagusiek ezarritako neurri zekenetan. Hegazkinetan Lazkao Txiki ere deseroso joateko moduko tokia dago eserleku ilara batetik hurrengora. Are gehiago, bizi dugun Kapitalismoaren Kakazte Aro honetan −ondorengo lerroetarako KKA−, hegazkin konpainiek salgai jarri dituzte larrialdi irteera alboko eserlekuak eta diru zikinak bihotzik ez du bi metroko jendearekin.

Ormaiztegin bus konpainia ezagun baten egoitza paretik pasatzen naizenero akordatzen naiz tokatu zaidala Parisera joatea, gauez, busen erdiko korridorean etzanda. Osteopatia kongresu batean hitzaldi zentrala ilustratzeko moduan bihurritu dut bizkarra eserlekuan kabitu ahal izateko. Ingurukoak gogaitu ditut nahi baino gehiago eta nire buruaz haserretu naiz: izan ere, zergatik sufritzen du kabitu ezin denak auzoaren lebensraum-a okupatzen duen bakoitzean, eta ez diseinu kakatsu horiek egiten dituen enpresak?

Tren, tranbia, metro, auto... denetan gaizki. Diruz arindu dut batzuetan egoera, daitort −ditxosozko KKA hau−, eta horrela erosi ahal izan dut inoiz nahi izan ez dudana: kabituko naizen furgoneta bat, camper kulturaren antipodetan dagoen honek. Bizitzak beti eskaintzen baitit hori, garraztasun goxo bat, ironia burlatiz jantzia. Ahoa neurri autokomediarentzat.

Garraiobideetako miseriekin bukatzeko, eta neurri osoz ari natzaizuelarik, iruditzen zaidana neurriz kanpokoa da NBEk, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidio betean, euskal enpresa bat basakeriaren kolaboratzaile gisa seinalatzea eta giroa horren neurri bateko egotea. Eta neurritsu naizen honek ezin du ulertu nola ez gabiltzan inolako neurririk hartzen enpresa horri duen jardun makurra neurri onean lotsagarria dela ulertarazteko. Herritar, eragile, erakunde, sindikatu, CAFeko langile: nola ikusaraz diezaiokegu CAFeko zuzendaritzari oker dabilela?

Bilatu