Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Pedrolo, Marsé, Molinat

Manuel de Pedrolo idazle katalanak 1966an zentsurari aurkeztu zion bere lehen saiakera lana, “Cartes de Catalunya”. Propaganda katalanzaletzat jo zuten. Zentsurari obra bera beste testu batzuen artean kamuflaturik aurkezteko hainbat ahalegin egin eta gero azkenean bere lehen saiakera 1974 urtean argitaratu zuen L'Aranyiongo idazleak.

Jordi Puigek jaso du pasarte hori Pedroloren artikuluak biltzen dituen “Prosa de Combat” obraren hitzaurrean. Pedrolo omen zen, ziur asko, garai hartan idazle katalan saritu eta ezagunena eta horrek frankismoaren jopuntuan ezarri zuen. Urte berean, 1966an, Juan Marsék “Últimas tardes con Teresa” obra ezaguna aurkeztu zion zentsurari baita ere. Marsé bartzelonarrak Carlos Robles Piquer Informazio Zuzendari Nagusiari, zeina Fragaren koinatu ere bazen, idatzi zion gutun bat eskatuz bere lanaren alde egin zezan. Hitzez hitz zioen: «Estimo que mi crítica en nada se aparta del orden y del equilibrio de la nueva sociedad española».

Robles Piquerrek Fraga konbentzitu zuen argudio bakar baina eraginkor batekin: Marséren nobela gaztelaniaz idatzia zegoen, «cosa que me parece importante cuando tantos catalanes se inclinan hacia su lengua vernácula». Eta aipatzen zuen katalanez idazteko seta horren adibide gisa Manuel de Pedrolo.

Marsék xede zuen burgesia katalana kritikatzea. Bistan da horrek ez zuela frankismoan azkurarik eragiten. Burges katalanaren porrota oso fantasia hedatua da espainiar iruditerian. Negurirekin egin dut alderaketa bat eta alferrik, gure eliteak beti izan du nahiago Madrilen arrakasta eduki bere aberrian baino.

Bukatzeko, egunotan leitu dut Jose Luis Molinat Orbaizetan 1985ean apaiz zenak Mikel Zabaltzaren hiletan irakurri zuen homilia. Salaketa testu latza da, indartsua. Barrionuevok zuzenean seinalatu zuen Molinat, mehatxu ugari jaso zituen. Akaso torturatzaileek haien artekotzat zutelako, benetan hala izan gabe. Katalanez hitz egiten duten burgesak, boterearen gainetik kristau diren apezak: Espainiak jasan ezin dituen gauza bi daude hor.

Bilatu