Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Txanponak eta hiletak

Orbaizetatik etxera bueltan, Itzagaondoko soro zabalen artean doan errepidean, jabetu nintzen irakurri ditudan azken liburuak memoria aldarrikapen bat direla. Danele Sarriugarteren “Beste zerbait”, Haritz Larrañagaren “Olatuak sutzen direnean” eta Mario Calabresiren “Gaua harago bultzatuz”. Mikel Zabaltzaren omenaldian egon ostean bueltaka ari nintzaion gogorapenaren auziari, ea berrogei urtez krimen bat oroitzea ez ote zen txanpon beraren bi aurpegi: cara maitasunarena eta zauriarena, cruz, esku ahurrean gordetzea.

Barka txanpon beraren aurpegi bien metafora. Txarra da, badakit, “txostenera” azpieuskalkiko lokuzio baldarra, eta halere gogora dakart hori Ikasle Abertzaleetan eman nituen urteez oroitu naizelako berriki. Imajinatzen dut badakizuela zergatik. Jada barrenak mugituak nekartzan jabetu nintzenetik Ikasle Abertzaleak marka zerabiltela batzuek ipuinetako otsoak irina darabilen pare. Askoz zintzoago zatekeen «beste hasiera bat», nire lagunak bere kanta zatiak tatuatzera daramatzan Lekunberriko jeinuak esango zukeen maneran.

Hasierak eta amaierak ondo ematea garrantzitsua da.

Arrastoa utzi du nigan IAk. Bizi guztirako lagunak egin nituen bertan eta baita etsaien bat ere. Hezigune, herri eta eragile asko ezagutu nituen. Nire belaunaldiko jende brillanteenetakoarekin partekatu nituen orduak. Ezinezko garaipenak eta “kagada” epikoren bat, oraindik lotsagorritzen nauena, uztartu nituen. Zelai ertzeko lizar tantai harro bat besterik ez nintzen honi eskola bat eskaini zion Ikasle Abertzaleak erakundeak, estimutan dudana oso.

Orain azala mudatu du ikasle “antolakundeak” (sic), abertzale deitura alboratuta. Mamia ere ez dakit bere baitakoa duen. Ez dakit ezta zilegi den ere komeni denean sozialdemokrazia (sic) kritikatzea eta, aldi berean, 1988tik ikasle mugimenduak eginiko lana kontabilizatzea ziaboga ideologikoaren ondorengo balantzean.

Akaso bai, akaso zilegi da eta nire barruan sentitzen dudan min hau da oker dagoena. Irakurri beharra dut Kode Zibileko oinordetzen atala berriz.

Bilatu