Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Uda hondarrekoak

Solstizio surik gabeko, zelai horiztadun −ikusteko dago Kantauriar isurialdeko euskaldunon psikean zenbaterainoko eragina duen aldaketa kromatikoak− eta belar nahiz patata uzta eskasekoa izan den uda honetan dena ikusia nuelakoan nengoen. Baina onartu beharra diot Donald Trumpi, eta akaso harridura eragitea da bere estrategiaren giltzarrietako bat, hurkoa aho zabalik uzteko duen gaitasuna. Izan ere, Kanadarekin eduki duen muga zergen negoziazioan –hitz hau, «negoziazio», erabiltzea zilegi bekit– gai esanguratsu bat izan da Kanadako, hots, Quebeceko, biztanleen hizkuntza eskubideak gutxitzea. Mark Carney Kanadako lehen ministroak uko egin dio tratuari, hots, estortsioari, eta irudikatzen dut federalismoarekiko maitasunak gora egin duela Ipar Amerikako estaturik gabeko nazio frankofonoan independentismoaren kaltetan (lehen oharra: Mikel Aramendik ukoari beste osagai batzuk ere, Kanadaren barruan endogeno direnak, ikusten dizkio).

Ultraeskuinak xantaia lotsagabeak egingo ditu hemendik aurrera. Adibidez, «zuen esportazioak onartuko ditugu eskubideak jazartzearen truke». Hor dago LGTBIQ+ kolektiboari dioten herra. Hor dago abortu eskubidea. Hor dago gutxiengo nazional edota linguistikoekiko mespretxua (bigarren oharra: nora begira dago Nazio Batuen Erakundea hizkuntza eskubideak irmoago aitortzeko?).

Data bertsuetan okurritu zitzaigun bikotekideari eta bioi Orreaga erakustea seme zaharrenari, uste dugulako badela toki esanguratsua eta garrantzitsua halakoak ezagutzea. Topatu genuena, gure zorigaitzerako, laidotutako ondarea izan zen. Ez genuke harritu behar Orreagako hauteskunde emaitzei kasu eginez gero, mila urte igarota ura bere bidean, baina klaustroko utzikeriak, azalpenen zabarkeriak eta nagusikeria linguistikoak ostikoa eman zigun muturretan.

Euskaldunon historian mugarri den gerra zelaian, Donejakue bidean horren garrantzitsua den monasterioan, horrenbeste bisitari erakartzen dituen turismo lekuan, utzikeria soilik izan liteke erabaki politiko baten ondorio. Noiz egingo gara egoeraren kargu?

Bilatu