Pello Reparaz

«...cuando seáis independientes cread un pueblo más justo»

Luze jo du gaur egunak. Gamelu lasterketak eta desfilerik tradizionalenak, gainean kameradun helikoptero txikia eta Coca Cola barra-barra urez larri dabilen herrialdean. 15 urteko bi gaztek garamatzate gaur euren autoan eta bai hemen bai han musika kubatarra presente.

Maiz entzun ahal izan ditugu "pueblo español" bezalako terminoak, oso ondo ezberdintzen baitituzte gobernuak eta herriak. Gorroto sutsua dio hemengo herriak gobernu espainiarrari deskolonizazio prozesurik egin ez izanagatik, eskuak garbitu eta alde egin izanagatik alegia. Bestalde asko eskertzen dute hainbat espainiar herritarrek urte hauetan eskainitako laguntza. Eta nola ez, maiz aritzen dira ere Euskal Herritarrotaz. Anai gisa hartzen gaituzte. Ondo dakite egoera ez dela berdina, baina topo egiten dugunean bada hor zerbait. Bion begietako dirdiran suma dezakegun batasuna. Internazionalismoaren esentzia purua: "Estamos juntos en esto, amigo".

Ez da Espainiaren kasua, baina bada munduan zehar gobernuarekin bat bere laguntza eskaini duen herririk. Saharauien adiskide kubatarrak jaun eta jabe honetan. Gaztetan hara joan eta ikasketak bertan gauzatzeko aukera eskaini izan die aspaldidanik Kubako gobernuak. Inor gutxik dauka honen berri, baina Espainia osoak ikusi zuen Fidel eskaileretatik behera erortzen. Horrek bai. Horrek merezi du.

Nire lagun Bader kubaraui-a dut alboan idazten ari natzaizuelarik. Orain arte idatzitakoa irakurri diot eta zera esan dit: "Por favor amigo, cuando seáis independientes cread un pueblo más justo, con un gobierno más digno. Y aunque no seáis el pueblo más rico de Europa, podréis sonreír, ya que sabréis que en este reducto africano tenéis unos amigos con los que seguir el camino."