Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Alvarez de Toledotarrak berriro Nafarroan

Ia urte hartatik bertatik eztabaidan egon da 1512koa konkista ala elkartze askea izan ote zen. 2012. urtearen inguruan, bost mende iraganik, izugarrizko lehia eman zen, akademiatik jendarte esparru ezberdinetara, gertaera historiko horren irakurketaren eta oroimenaren inguruan. Inposatutako narratibak inkorporazio onuragarriaren ideian oinarritzen ziren, baina datuak eta lekukotzak oso argiak ziren: garaian jende guziak konkistatzat hartu zuen hura, bai konkistatuek zein konkistatzaileek. Eztabaida ez zen agortu, jakina, erabat lotuta zegoelako (eta dagoelako) egungo lehia politiko nagusiarekin, ez baita gauza bera Nafarroa Garaia espainiar Estatuaren parte izatea konkista militar baten ondorioz edo itun baten arabera. Eztabaidaren markoak aldatu ziren, edonola ere, eta berriki nork eta Feijook erakutsi duenez, oso zaila da konkista ukatzea.

Bai, Feijook onartu du garai batean Nafarroa Garaia ez zela Espainia, esan baitu data zehatz batean espainiar bilakatu zela. Eskertzekoa da, zinez, konkista eta inposatutako espainiartasunaren errelatoari emandako bultzada hori, UPNkoak, beste behin, posizio patetikoan uzten dituena. Feijoo bera aski patetikoa da, bestalde, Ceutaren aipamen oker batean sartu baitzuen Nafarroako konkistaren afera, baina hori beste kontu bat da. 

Giro horretan etorriko da Iruñera Nafarroako konkista zuzendu zuen Albako dukearen linajeko kide bat, Cayetana izenekoa (dena dauka emakumeak!). Probokatzera dator, fatxometroan nahikoa puntuatzen omen duelako Iruñeak, eta argigarria da espainiar eskuinak guretako duen plana ilustratzeko. Fadrique Alvarez de Toledok, 1512an, Iruñearen parean hiriko biztanleak baino jende gehiagok osatutako armada prest zuelarik, argi utzi zien nafar negoziatzaileei sua eta odola ezagutuko zituztela errenditu ezean. Ez dakit, dena den, antzeko mezuren bat zabaltzera ala UPNren kontrako erosteko eskaintza publiko oldarkorraren arrakasta ospatzera etorriko den. Ikusiko. 

Bilatu