Behin baino gehiagotan idatzi dut gure garaiotan nagusitzen den mediokraziaz, zeinean «kuñadoak» nagusitzen baitira hainbat botere posiziotan, immoral, otzan eta ausardiarik gabekoak direlako, hau da, iniziatibarik ez dutelako izanen eta beti beteko dituztelako goitik iristen zaizkien aginduak, kolokan jarri gabe. Begien bistakoa da ez dela urrutira joan behar halakoak aurkitzeko, eta, ohiko moduan, beren kuñadokraziaren marka eman nahi izan diote hauteskunde kanpaña hasierari, ETA erakundea agendan sartzea saiatzen.
Nago saio horrek gehiago esaten digula beren ahuleziaz eta kezkaz, euskal jendarteaz baino. Izan ere, nabarmena da EAJk espainiar eskuinaren bozka autoritarioak behar dituela, eta horiek finkatzeko diskurtso autoritario eta atzerakoiak zabaldu behar dituela. Halaber, begien bistakoa da EH Bilduk atxikimendu berriak biltzeko gero eta gaitasun handiagoa duela, eta horrek iraganeko eztabaida markoak berpiztera eramaten ditu, «zonbi» gisa itzultzen badira ere. Eta, azkenik, EAJk behar du demokrazia-autoritarismoa ardatza hautsi, eskuak aske izan nahi dituelako Voxekin ere itunetara irits daitekeen PPrekin elkarlanean aritzeko. Demokratak-biolentoak marko funtzional gisa hartzen dute, gauzak horrela, alderdi interesen arabera. Eta berriro diot, alderdi interesen arabera. Ez dago ezer gehiago. Ahaztu kezka moralak, ahaztu biktima batzuekiko ustezko elkartasuna, eskandalu posea, kanpaina gag bat besterik ez baita, spot hutsa, marketina.
Zergatik EAEn onartezina da erabat normala dena Nafarroan? Chivitek erakutsi digu –beste une batzuetan Etxegaraik bezala– EAEko Lehendakaritza EAJren publizitate emisore bat dela, inolako herri ikuspegirik gabea, estrategiarik gabea, egitasmorik gabea, imajinaziorik gabea, baina gatazkan isuritako odolari etekinak ateratzen saiatzeko beti prest. Zorionez, gure jendartea kuñadokrazia eta banpirismo oportunista gainditzen ari da, agertoki berriak eraikiz.