Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Beste Nafarroa bat irudikatuz eta eraikiz

Lurraldea(k), boterea(k) eta hizkuntza(k) elkarlotuta daude, jakina, eta erregimenak bazuen plan argia mailaketa ezarri eta kontserbatzeko.

Tutera eta Iruñeko alkateak haserre agertu dira, Navarra Suma delarik tokiko finantzaketa akordioaren kontra dagoen Parlamentuko indar politiko bakarra. Nonbait Iruñeak diru gutxiago jasoko du, eta Tuterak gehiago, baina marketin kanpainak alde batera utzita, politikari horiek alderdi eta erregimen terminoetan erantzun dute, ez herritarren onura gogoan.

Nafarroan, aspaldi jarri zen abian herritarrak eta lurraldeak hierarkizatzeko estrategia bat, gaztelania, batetik, eta hiri esparruak, bestetik, goian jartzeko. Erregimen bat indar harreman zehatz baten kristalizazioa da, eta, une berean, joko arauak ezartzeko diseinua, boterea banatzeko –hau da, demokratizatzeko–, ala eliteetan biltzeko, bestela esanda, desdemokratizatzeko. Nafarroako erregimenaren apustua boterea biltzeko asmoa zen, eta horregatik jartzen zituen Iruñea eta Tutera lehen mailan, elite frankistak eta trantsizioan gehitu zitzaizkienak nagusitzeko, euskara erreserba batzuetan mugatzen zuten bitartean. Lurraldea(k), boterea(k) eta hizkuntza(k) elkarlotuta daude, jakina, eta erregimenak bazuen plan argia mailaketa ezarri eta kontserbatzeko. Nafarroan ere dena lotuta eta ongi lotuta uzteko, hots.

2015etik, eskuinak zeukan botere instituzional gehiena galdu zuenetik, Tutera bilakatu da «birkonkista»-ren gotorlekua. Horrela, Erribera abandonatuta dagoela salatzen aritu dira Erribera abandonatu zuten berdinak! Eskuinari nafarron arteko lubakiak irekitzea ongi iruditzen zaio boterea berreskuratzeko, horregatik, Tuterako alkatea kexu da, diru gehiago jasoko duen arren akordio berriaren arabera! Lehia, edonola ere, ez da herri edo hirien artekoa, logika politikoen artekoa baizik, eta hor dago EH Bilduren lorpenaren funtsa, kalitatezko urratsa baita Nafarroako demokratizazioan. Ezkerreko subiranismoak berdintasuna ekoizten du, horregatik daude asaldatuta desberdintasunaren defendatzaileek. Zorioneko akordioa, beraz!

Bilatu