Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Bizipoza eta borroka askatzaileak

Garai hartako borroketan atzematen da pauta bat: espainiar garaipenek ez dute herritarren ospakizunik ekartzen, baina matxinadek eta konkistatzaileen atzerapenek besta giroa pizten dute.

Garaileek idazten dute gertatutakoaren errelatoa. Fermin Balentziak kantatzen duenez, herriak egiten du historia, baina gezurrez hornitzen duten kontrabandistak dira kontalariak. Horregatik, mugatua da Nafarroan duela bostehun urte gertatu zen matxinadaz dakiguna.

1521. urtean espainiar konkistatzaileak kanporatuak izan ziren, tarte labur batez izan bazen ere, baina horren oroimena mendeetan zehar ezkutatu da. Inperialak nagusitu zireneko errepresioaren dokumentuak ditugu, hori bai, eta hor egiturazko krudeltasunaren arrastoak aurkitzen ditugu, Gaztelako komuneroen kontra bezala, oso gogorra izan zelako matxinatuen kontrako erreakzioa. Boteretsuek zigor ikusgarriak nahi zituzten, matxinada berrien bidea ixteko, eta idatzirik utzi zuten beldurrezko mezu hura.

Gauzak horrela, garaiko ikerketa eta epaiei esker, badakigu bereziki iraingarriak izan zirela espainiarrendako beren ikurren kontrako ekitaldiak, baita beren kanporaketaren inguruko poz agerpenak ere. Garai hartako borroketan atzematen da pauta bat: espainiar garaipenek ez dute herritarren ospakizunik ekartzen, baina matxinadek eta konkistatzaileen atzerapenek besta giroa pizten dute, jende xumearen bizipozaren inguruan zer pentsa ematen diguna, egia esan. Batzuek esaten digute errege-erreginen arteko lehia hutsak zirela horiek, herritarrendako batere interesik ez zutenak, baina, esaterako, Tuteran kokatutako espainiar inkisidoreak lasterka atera ziren Errioxa aldera, matxinatuen beldur, ederki zekitelako zenbat maite zituzten Erriberakoek!

Iraganeren oroimena egungo eta biharko borroka askatzaileen inspirazio gisa ikusten dugunondako bizipoz hura oso emankorra izan daiteke Nafarroa berriz altxa dadin. Batek daki nondik pasatuko den euskal askapenaren borrokaren bidea, baina gauza bat ziurra da: bizipozik gabe ez du aurrera eginen. Pandemiak piztu duen elkarrekin egoteko grina erregai ederra izan daiteke. Balia dezagun!

Bilatu