Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Elurra urtarrilean, to! Zer izanen da hurrengoa?

Honelakoa da gure garaia. Kezka handienak lelo bilakatzen dira eta gure bizitzen soinu banda bihurtzen dira, atzean dagoena ezkutatuz, erdigunera ekarri ordez.

Eguraldia hizpide erraza da, besterik ez dagoenean, igogailuetan, ilaretan, ezezagunen artean... baita komunikabideetan ere, azken urteotan. Horrela, beroa abuztuan eta elurra negu gorrian berri deigarritzat aurkezten dizkigute, ustekabe ikaragarriak balira bezala, edo. Egia da ez dietela tenperatura edo hodeiei ordaindu behar grabatu edo argazkiak egiteko, baina ez dut uste errentagarritasuna denik arrazoi bakarra. Naturarekiko harremana aldatu den heinean, batez ere hirietan (eta hor bizi da populazioaren zatirik handiena), eguraldiak beste dimentsio bat hartu du, munduan gaudela oroitarazten baitigu, gu baino indartsuagorik badela gogoratuz. Nahi dutenean agertzen dira lainoa, euria, elurra edo sargoria... edo ez. Izan ere, eguraldia astintzeko gaitasuna garatu dugu, ez gure alde jartzeko, erabat erotzeko baizik.

Norbaitek pentsa zezakeen eguraldiarekiko obsesio hori aldaketa klimatikoaren larritasuna agendan jartzeko baliatuko zutela komunikabideek, baina ez da hau gehienen jarrera, egia esan. Arreta pizteko balio du, baina azaleko ikuspegiak hartzen du lehentasuna. Izan ere, gaia sakonean kudeatzeak egoera honen arrazoietara jotzea eskatzen du, eta askoz ere erosoagoa da bekadun bat bidaltzea ur gainean edo maluten artean betiko ergelkeriak errepikatzeko, arazoaren iturburuei erreparatzeko beharra argudiatzea baino. Horrela, tamalez, eguraldiaz asko hitz egitea eguraldiaren bilakaera kezkagarriaz ez hitz egiteko aitzakia bilakatzen da.

Honelakoa da gure garaia. Kezka handienak lelo bilakatzen dira eta gure bizitzen soinu banda bihurtzen dira, atzean dagoena ezkutatuz, erdigunera ekarri ordez. Progreso geldiezinaren mitoaren mende bizi gara, anartean. Esaten digute dena konponduko duela teknologiak. Aski da mundua berdez margotzea. Pentsa: batzuek abiadura handiko trena urrats ekologiko onuragarri gisa saltzen dute! Zenbat gauza estaltzen diren eguraldiaz mintzo!

Bilatu