Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Enpatia eraldatzailearen erronka

Agian besteok pentsatu beharko genuke nola hautsi bukle madarikatu hau. Izan ere, enpatia eraldatzailerik gabe oso zaila izanen da egitasmo eraldatzaileak aurrera eramatea.

Duela gutxi hil zen Erik Olin Wright pentsalariak ekarpen emankorrak egin zituen eraldakuntzaren teorian, besteak beste, eraldaketa logika aniztasunaren kudeaketaz. Badaude mundua aldatzeko eredu asko, ez bakar bat, eta, ezkerrak, gehiegitan, bat aukeratzeaz batera, besteekiko lehia irekitzen du. Gauzak horrela, mundua beste era batera aldatu nahi duena zapaltzailea bera baino gorrotagarriagoa bilaka daiteke.

 Ikuspegi sektarioa nagusitzen denean, «eraldatzaile faltsuak» –hau da, bide «zuzena» hartu ez dutenak– dira jomuga, sistema bera baino. Olinek proposatzen zuen aniztasuna beste modu batera bideratzea. Logika bat edo logika batzuen artikulazioa aukeratu behar da beti, estrategiak hori eskatzen baitu, baina ez da derrigorrezkoa beste logikak mespretxatzea, are gutxiago etsai gisa hartzea. Alta, horrek sektakeria gainditzeko ahalegin handiak eskatzen ditu, ezberdintasun ttikien nartzisismoaren tentaldiari aurre egiteko. Eta ahalegin horiek ez dute gailentasun moralaren sentsazioa eskaintzen. Askoz ere gozoagoa da, batzuentzako bederen, besteen gainetik sentitzea, gaizto eta zintzoen bereizketa gardenen arabera. Gurekin ados ez daudenak errespetatzea arerio gisa baztertzea baino zailagoa izan daiteke, baina, aldiz, esperientziak esaten digu askoz ere emankorragoa dela eraldaketa aukerak indartzeko.

Interneten ugaltzen diren lehiek erakusten digute lehiakortasun ergel horren hedapena. Baten batek garaipen bat lortzen ahal du, agian, edo horrela ikus dezake, baina, botere harremanen eraldakuntzaren ikuspegitik, ez dirudi oso ideia ona eraldaketaren indarrak bereiztea. Jakin badakit gogoeta honek ez duela eraginik izanen bere taldetxoa indartzeko besteak suntsitzea derrigorrezkotzat jotzen dutenengan, baina agian besteok pentsatu beharko genuke nola hautsi bukle madarikatu hau. Izan ere, enpatia eraldatzailerik gabe oso zaila izanen da egitasmo eraldatzaileak aurrera eramatea, ez duzue uste?

Bilatu