Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Eskuburdinen atzeko munstroak

Vox, UPN eta PP bereizterik ez dago, denak baitaude pozik aliantza borrazalean, oso barnetik ateratzen zaielako segurtasuna errepresioaren terminoetan ulertzeko taupada.

Espainiar polizien mobilizazioak ikusi ditugu egunotan, Iruñean, besteak beste, eskuin autoritarioko ordezkarien babesaz. Garaiko bi joera indartsu, biktimizazioa eta beldurra, baliatu dituzte Mozal Legearen edozein moldaketak segurtasun kolektiboa urratuko lukeela aldarrikatzeko, poliziak arriskuan jarriko lituzkeelako. Zalantzarik gabekoa denez –ironia on, badaezpada– polizia hauek babesten gaituztela, gu babesteko tresnarik gabe uztea kaltegarria litzateke guretako, eta, beraz, gure kontrako neurri gisa hartu beharko genuke aipatu legea indargabetzea. Sakoneko mezua da, jakina, neurri autoritarioak ahultzea, era mugatuan bada ere, kaltegarria litzatekeela poliziendako, eta eredu polizial autoritarioa bultzatu eta baliatzen dutenendako. Horretan, Vox, UPN eta PP bereizterik ez dago, denak baitaude pozik aliantza borrazalean, oso barnetik ateratzen zaielako segurtasuna errepresioaren terminoetan ulertzeko taupada, Eusko Alderdi Jeltzalea posizio horietatik sobera urrun ez dagoelarik, tamalez.

Iruñeko ekitaldian plastikozko eskuburdinak bota zituzten lurrera. Nork hartzen du pertsona bat lotzeko tresna bat ikur miresgarri gisa? Zein motatako patologia da gorputzak menperatu eta min egiteko balio duen zerbaiten mirespena? Zein mundu eraikiko lukete halakoek, oztoporik ezean? Aurrerapen bat begi-bistan dugu, eta nazkagarria da, baina haiendako ez da aski, sobera demokratikoa baita gure jendartea haien ikuspegitik, sobera irekia, sobera anitza, sobera «segurtasunik gabekoa», eta beraz, gehiago astindu eta diziplinatu behar baita.

Munstroak ugaltzen dira gure garai honetan, eta ez ditugu uxatuko profezia edo hitz magikoen bidez. Energia politikoak egituratu beharko ditugu munstro politiko-polizialak nagusitu ez daitezen, eta bide horretan urrats bideragarriak jarri behar ditugu mahai gainean, beraiek erabat gauzagarria den egitasmoa dutelako, eskuburdina haiek gardenki irudikatzen dutena.

Bilatu