Cristina Fernandez Argentinako lehendakariordea hiltzen saiatu dira Buenos Airesen. Hau idazteko unean bildu dudan informazioaren arabera, gizon batek tiro egin dio, baina pistola blokeatu zaio. Argentinako eskuinak erasoa salatu du (ez denek, egia esan) baina, jakina, ez du inolako ardurarik aitortu, nahiz eta lehendakariordearen kontrako bere kanpaina aspaldikoa izan, azken garaiotan areagotu delarik. Inputatuta dago Cristina epaitegietan, enegarren aldiz, eta oraingoan hamabi urteko kartzela zigorra eskatzen diote. Baita desgaikuntza instituzionala ere, jakina, ustelkeriaren akusazioa aitzakia baita, Brasilgo Lularekin bezala, estatu kolpe ezkutu bat emanaz, ezkerraren erreferenteak zirkulaziotik kentzeko. Jazarpen giro horretan gertatu da huts egindako erailketa saioaren antza duen oldarraldia.
Harriak jaurti eta eskua gorde, hau dugu eskuin autoritarioaren ohitura. Komunikabideek lintxamendua elikatu dute, baina beraiek eragindako presioak halako ondorioak ekartzen dituenean, erantzukizunari ihes egiten diote. Zerbait asmatuko dute gertatutakoa testuinguruan ez kokatzeko, eskuinaren apustu kriminalak ageri ez daitezen.
Hau ez da Argentinako afera hutsa. Eskuinaren indarkeria eta erasoen aldeko hautua aspaldikoa da, diktadurek eta genozidio errepresiboek erakusten dutenez, Argentinan, Txilen, baita espainiar Estatuan ere. Sakonean, eskuinak demokrazia ikur gisa baliatzen du, bere menpe jartzen ahal duen bitartean, edukiz hustuz eta botereak gutxi batzuen eskuetan jarriz. Herriak demokrazia formala demokrazia bilakatu nahi duenean eskuinaren aurpegi bortitzena agertzen da, mozorroa kenduta.
Badago ikasgai bat guretako Buenos Aireseko erasoan: eskuina edozer egiteko prest dago edozein aldaketa aukera ixteko, dela prozesu konstituziogile orokor bat, dela erreformarik ttikiena, mugatuena edo moderatuena. Hobe dugu gogoan izatea!
Eskuinaren esku ezkutuak
Badago ikasgai bat guretako Buenos Aireseko erasoan: eskuina edozer egiteko prest dago edozein aldaketa aukera ixteko, dela prozesu konstituziogile orokor bat, dela erreformarik ttikiena.
