Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Espainiar eliteak eta kultura demokratiko eza

Begibistakoa da egungo espainiar Gobernuaren ausardia falta. Baina egoera ez dago itxita eta batzuetan, espero ez diren urratsak ekartzen ditu polarizazioak.

Egunotan izan dute batzuek espainiar botere faktikoen berri. Noiz eta orain ikusi dute, lehen aldiz, botere ez hautatuen portaera zikina. Beste hainbatek Katalunian gertatutakoa oroitarazi diete, ahaztuz hango prozesu subiranista lehertu aurretik ere halakoak zeudela. Jende askok, batez ere Euskal Herritik, gogorarazi du Franco hil zen une beretik hasi zela salbuespen egoera «demokratiko» iraunkorra, haustura ezean, frankismoak berak lideratu baitzuen bere metamorfosia.

Ulergarri eta beharrezkoa da ibilbide luzeari erreparatzea, espainiar Estatuak Euskal Herriaren kontra egin duena baita gerora etorritakoaren oinarria. Onuragarria da mahai gainean jartzea elite autoritarioek konplizitate zabalak izan dituztela jarduera horietan, gaur egungo koiunturara iristea ahalbidetu dutenak. «Terrorismoa»-ren kontrako gerrak ekarri zituen botere faktikoen nagusitasuna eta salbuespen logika errotzea eta normalizatzea, eta ongi legoke batzuek atzera begiratzea, amu hori zergatik irentsi zuten aitortu eta argitzeko.

Haserre lehiaketak, berriz, ez dira oso emankorrak izaten. Kontua da agerian gelditu direla estatu sakonaren indarra, botere faktikoen hautu autoritarioa eta espainiar eliteen kultura demokratiko eza. Hori da garrantzitsuena, termino politiko sakonetan emankorra izan daitekeena, aukera irekitzen ahal duelako erroetara joateko.

Nabaria da espainiar Gobernuaren ausardia falta. Baina egoera ez dago itxita eta batzuetan, espero ez diren urratsak ekartzen ditu polarizazioak. Elite autoritarioendako, gehiegizkoa da gobernu epel hori, eta ez dute onartzen alderdi subiranisten eraginkortasuna. Badago ikasgai bat: inoiz baino zentzudunagoa da hautu independentista, inoiz baino beharrezkoagoa da hautu hori ongi bideratzea, gaur egungo egoeraren irakurketa zorrotz batetik. Lohian emanen da gatazka, berriro ere, ez teorizismoaren esparru puruetan.

Bilatu