Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Esperpentoa ala sintoma?

Zaila da pentsatzea hau gertatu dela botere indartsuren baten nolabaiteko konplizitaterik gabe, ahalbidetuz, bultzatuz edo ez oztopatuz.

Nola aztertu AEBetako Kapitolioan gertatutakoa? Irudiek esperpento itxura hartu badute ere, urrunago joan beharko genuke, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula munduko potentzia handienaren boteregune nagusia hartu izana, munduko indar armatu indartsuenak hainbat ordutan agertu gabe. Geldi gaitezke begirada parodikoan, txantxetarako beta ukaezina baita, baina agian ez da oso ideia ona horretan gelditzea, irriek gainera datorkiguna lainotzen ahal digutelako.

Utz dezagun alde batean estatubatuar demokraziaren kontrako erasoaren errelato sinplista. Willy Toledok Twitterren idatzi bezala, gaizki gaude Kapitolioa demokraziaren egoitza nagusi gisa hartuz gero. Han oligarkien ordezkariak biltzen dira, aberats asko tartean, lobby eta antzeko botere sareen menpekoak ia denak. Gogora etortzen zaizkigu beste izen batzuk, Ocasiorena, esaterako, baina halako hautetsiak hain ezagunak badira salbuespenak direlako da, hain zuzen. XIX. mendeko Sezesio Gerratik, eliteen arteko lehiak hauteskundeen bitartez kudeatu dira Estatu Batuetan, tentsioak baztertu gabe, baina, oro har, goitik behera ezarritako joko- arauak errespetatuz. Egon dira episodio ilunak, jakina, Kennedyren heriotza, edo Bushen zalantzazko garaipena, adibidez, baina, berriro diot, oro har, hauteskundeetako emaitzak ontzat hartu dituzte eliteetako sektore ezberdinek. Joko  zikina egiturazkoa izan da, ongi dakigunez, baina emaitzek botere banaketa zuritu dute.

Eredu hori krisi larrian dagoela erakutsi digu Kapitolioan ikusitakoak. Ez, ordea, ergel batzuk hara hurbildu direlako esperpento bat antzezteko, barneraino sartu eta eraikinaren jabe bilakatu direlako baizik. Zaila pentsatzea hau gertatu dela    botere indartsuren baten nolabaiteko konplizitaterik gabe, ahalbidetuz, bultzatuz edo ez oztopatuz. Ez dira lau frikiren balentriak, inperioko eliteen zatiketaren dimentsioaren berri ematen diguten egiturazko mugimendu sakonak baizik.

Bilatu