Euskaldunak gara, Euskal Herrikoak
Amorratu zaizkigu fatxak, enegarren aldiz, Nafarroaren ikurra Euskal Herriaren irudiarekin lotu delako. Oraingoan, Bilboko Athleticek egin du kamiseta batean eta sutan jarri dira eskuindarrak, Euskal Herriaren kartak Nafarroaren nortasuna ukatzen omen duelako. Tropelean atera dira ikurra kentzeko exijitzera eta egin ezean neurriak hartuko dituztela mehatxatu dute. Ez gaude duela mende bateko garaietan, jakina, baina eskuindarren mehatxuak serio hartu behar dira, ohitura baitute beren iritziak indarrez inposatzeko eta haiek bezala pentsatzen ez duena bazterrean uzteko.
Eskuindar hauek, beste afera askoren inguruan bezala, gauza bat eta kontrakoa esaten dute une berean. Euskal Herria asmakizun bat dela eta ez dela inoiz existitu diote, batetik. Eta, bestetik, Nafarroa ezin dela asmakizun horrekin lotu. Asmakizun hutsa bada, edozer sartzen ahal da, ezta? Existitzen ez bada, berdin da Nafarroa hor kokatu ala ez: zergatik kezkatu existitzen ez diren gauzez? Kontraesan horrek gogora ekartzen du 1512ko inbasioaren ingurukoa: ez zen konkista izan/konkista izan zen baina arabar, gipuzkoar eta bizkaitarrek parte hartu zuten. Argi gelditzen da errealitate historikoak ez duela garrantzirik eskuinaren diskurtsoan, edozer esaten ahal dutelako uneko komenentziaren arabera.
Izan ere, XIX. eta XX. mende hasierako nafar eskuina euskaltzalea izan zen eta erabat identifikatuta zegoen Euskal Herriaren erreferentziarekin. Are gehiago, Euskal Herriaren kontzeptua defendatu zuten independentismoarekin lotzen zuten Euzkadi (gero Euskadi) kontzeptuaren kontra, eta, esanguratsuki, lehia hori indartu zen frankismo garaian.
Hortik, nafar eskuinaren amorrua. Autogorrotoa da, bi esanahietan: nafar-euskal herritar gisara, batetik, eta beren tradizioaren ukapen moduan, bestetik, «Euskal Herria» izendapenaren egungo eraginkortasuna haien aurrekoek egin zuten defentsaren ondorioa ere badelako, azkenean.
