Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Fu Mantxuren adimen artifiziala

Bazterrak nahasi ditu Deepseek adimen artifizialak: Txinak aurrea hartu dio Mendebaldeari, zertan eta teknologia gorenean! Izugarrizko aurreikuspenak eginak ziren irabazi beharreko dirutzaz, baita eman behar zuen nagusitasunaz ere, baina ezustean erori dira espektatiba horiek eta izua eta kezka zabaldu dira. Anartean, diru asko galdu dute batzuek, bai!

Egia esan, ez dakit zertan geldituko den afera hau, aski korapilatsua baita. Teknologian aditua ez naizen heinean, zehaztasunek gainditu egiten naute. Lehiakortasuna ez da urrats honekin bukatuko, hori ziur dago: etorriko dira apustu eta gatazka berriak, betiere botere ekonomiko eta geopolitikoa erdigunean.

Ezin izan dut DeepSeek probatu, bestalde. Beraz, ez dakit zer erantzunen lukeen adimen artifizial txinatarrak Fu Mantxu izenaz galdetuz gero. ChatGPTri, alta, kostatzen zaio arketipo literario xenofobo eta arrazista dela aitortzea. Eztabaida dagoela horretaz dio, kar kar! Fu Mantxu, laburbilduta, fikziozko pertsonaia bat da, gaizto txinatarraren sinbolizazioa, topiko kolonial-supremazista guziak bitzen dituena. Txinan Umiliazioaren Mendearen ideia baliatzen dute Fu Mantxuren asmakizunak ikurtzen duen menperatze garaia ezaugarritzeko. Eta gaur egungo garapena (teknologikoa barne) aro horren gainditze gisa irudikatzen dute.

Eta hortik dator mendebaldeko beldur zaharren berpiztea. Gauza bat da Txina munduko fabrika gogorrenen kokalekua izatea, eta beste bat teknologian goiko mailetara igotzea: horixe falta zen, menpekoak nagusi! Ekialdiaren inguruko mantrak zirkulazioan jarri dituzte, gauzak horrela, nolabaiteko Tekno-Fu Mantxu berri bat irudikatuz. Fu Mantxu zentsuratzailea, errepresorea, adimen artifiziala erabiltzen duena mundua bere menpe jartzeko, eta une berean komunista, basatia, zibilizatu gabea... A zer nahasketa!

Mundua Mendebaldea deitutako aldea baino zabalagoa da; hau ukatu nahi duena ez da urrutira iritsiko.

Bilatu