Gaza, Zisjordania, Libano, Siria... lehen ilaran daude gaur egun izuaren kartografian, ikaratzen gaituzten irudiak pilatzen direla. Genozidioa hitza erabili da, arrazoi osoz, baina dagoeneko hori ere gutxiegizkoa bilakatu da: ez dugu hitzik izu horiek izendatzeko.
Mendebalde deitua izan den munduaren zatiak gogoeta eta diskurtso biribilak egin ditu nazismoaren genozidioez, sarraski horiek ikurtzen zituen Auschwitz aipatuz, halakoak berriz gertatuko ez zirelakoan, edo. Erru diskurtsoak, askotan, zurikeria hutsa gehienetan. Izan ere, izuaren gurpila ez da inoiz ere gelditu. Ez zen Hitlerrekin abiatu, ezta bera hilik ere bukatu. Mendebaldea bera izan da, luzaz, eta oraindik ere bada, izuaren sortzaile eta zuritzailea. Babesten duen Israelen kasuan, gainera, iraganeko izua baliatzen da egungoa justifikatzeko, Palestinako haurtxoak kontzentrazio zelaietako SSko kideen ondorengoak balira bezala, edo.
Katea ez da eteten, oraingoan «terrorismoaren» aitzakia beti prest. Aski da hitz magiko hori aipatzea edozein krudelkeria ezkutatzeko, moralitatearen aldarrikapenak hedatzen diren bitartean. Kontuak horrela, izuaren irudiek astintzen gaituztenean, gure ezintasunaz jabetzen gara min handiz, kalamitatea ezin dimentsionatuz, gaindituta. Idazten dudan egunkari honetan irakurri dut hogei mila gorpu daudela biltegi batean, Bogotan, identifikatu ezinik. Ez bat, ez bi, ezta mila ere, hogei mila baizik, eta ez dira bakarrak. Nola egin aurre izu horri?
Kolonbian egona naiz berriki, eta izuaren arrastoak nonahi antzematen dira han. Badago airean nolabaiteko pisua, ikusezina, baina une berean dena kutsatzen duena, izuak ia dena hartu baitu. Dena ez, ordea, zorionez. Han, eta Palestinan, eta hamaika lekutan ere badago itxaropena, bazter guzti horietan bada izuari aurre egin eta izuaren zama sorbaldan hartzen duen jendea, oztopo guztien gainetik, izenik gabeko gorpuei izena emateko, adibidez. Eta, askoz ere zailagoa dena, izuari bidea itxi eta beste mundu bat eraikitzeko. Nola ez egon haien alde?