Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Munstruoari aurrez aurre so egin

Ezaguna da jende gehienak nahiago dituela gatazkarik gabeko aldaketak, gatazkatsuak baino. Gertatzen da, alta, ezinezkoa dela botere harreman injustuak aldatzea gatazkarik gabe.

Eskoziak ez du erreferendumik antolatzeko eskubiderik Britainia Handiaren onespenik gabe. Halaxe erabaki du Gorte Nagusiak. Bilbon nengoen berria jasotzean, non eta Naziometroaren inguruko jardunaldian, hau da, burujabetza zaletasuna estadistikoki neurtzen duen azterketaren aurkezpenean. Termometro horrek esaten digu askoz ere zabalagoa dela euskal estatuaren aldekotasuna estatuekiko adostasun baten testuinguruan kokatzen denean, aurrez aurreko lehia moduan agertuz gero baino. Hau ez da ustekabea, jakina, ezaguna baita jende gehienak nahiago dituela gatazkarik gabeko aldaketak, gatazkatsuak baino. Gertatzen da, alta, ezinezkoa dela botere harreman injustuak aldatzea gatazkarik gabe, nagusitasuna dutenak ez daudelako prest beren posizioa aldatu eta itxikeria baztertzeko, behartuta ez dauden bitartean. Britainia Handiko epaileek ere badakite, eta ongi irakurri dute, fidelak diren egitasmoaren ikuspegitik, brexitaren ondorengoa ez dela une egokiena herri kontsulta bat ahalbidetzeko.

Eta hortxe dago burujabetze ibilbideen erronka nagusietako bat. Argi dago gehiengoak osatu gabe eta hegemonia ideologiko eta kulturala eraiki ezean ez dagoela aurrera egiterik. Baina, une batean ala bestean, mahai gainean agertuko da hausturen beharra, hau da, aurrean aurkituko dugun hormaren gainetik, zehar edo horma bera hautsiz pasatzeko beharra.

Afera estrategikoa da hori, ongi kokatu eta bideratu behar dena. Eta egiteko, errepliege esentzialista ez da ideia ona. «Eskoziak arrazoia dauka (edo Euskal Herriak, edo Kataluniak), eta kito» leloa ederra izan daiteke, baina hitz hutsek, ezta hitz magikoek ere, ez dituzte hormak suntsitzen. Aldarte estrategikoak dira aldebikotasuna eta aldebakartasuna, ongi aztertu behar direnak, eta maila batean, elkarri lotuta etorriko direnak. Esentziek estrategia ordezkatzen dutenean, ahulezia adierazten da, ez besterik. Aurrez aurre so egin behar diogu munstroari, ez ihes egin!

Bilatu