Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Nafar eskuina gaztatxotik harago

78ko erregimenaren nafar bertsioa ez da desagertu, tamalez, baina oso urratuta dago eta eskuinak oroitarazten digu egunoro halako diskurtsoen bidez.

Garai batean Nafarroa ongi zihoan; oreka nagusitzen zen, politika gauza garbia zen eta muturrekoak baztertuta zeuden. Aurrera egiten zuen Nafarroak Espainiarekiko harmonia erabatekoan. Nafarroa liluragarri hura UPN eta PSNren arteko akordioan oinarritzen zen, benetako paradisu bat zelarik, baina gaiztoek Nafarroa astindu zuten eta gaur egun PSN bahitu dute, dena aldrebestuz. Akabo harmonia, akabo progresoa, Nafarroa muturrekoen menpe dago!

Hau ez da ene asmaketa bat, nafar eskuinaren oraingo diskurtsoa baizik. Iruñeko Sarasate pasealekuaren berrikuntza egitasmoaren inguruko eztabaida dela-eta entzun berri diot Navarra Sumako zinegotzi bati, beste ergelkeria askoren artean. Haserre daude, PSNkoak ez dituztelako jada erabat harrapatuta beren joko madarikatuan. 78ko erregimenaren nafar bertsioa ez da desagertu, tamalez, baina oso urratuta dago eta eskuinak oroitarazten digu egunoro halako diskurtsoen bidez. Eta hau ez da kasualitatea, borroka eta erabaki politiko ausarten ondorioa baizik. Estrategia eraldatzaileek aldaketak ekartzen dituzte, gehienetan ustekabeko forma eta erritmoetan, eta horrela baloratu behar dira, estrategikoki, amesten ditugun zerumugetara iristeko baliagarritasunaren arabera, mundu berriak ez baitira urrats bakarraz eraikitzen.

Miguel Sanzek irudikatu zuen erregimenaren kontsentsu logika hura gaztatxoaren metaforaz. Funtsean, guttiengo batek gazta osoa jatea zen helburua, gaztatxo zehatz bat zirkulazio politikotik at utziz. Nafar eskuinak badu jendarteko sektore batzuk zirkulaziotik ateratzeko tradizio luzea, bide bazterretan daudelarik oraindik ere horren arrastoak, literalki. Ilegalizazioak sustatuz helburu bera beste bitartekoen bidez lortzen saiatu ziren.

Gauzak aldatu dira. Nafar eskuina bere leku berria bilatzen ari da, eta aski da Maya edota Esparza entzutea aspaldiko joera makurrenak berreskuratzen ari direla hautemateko: Vox usaina dario UPNri!

Bilatu