Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Naftalina: zaharrak berri espainiar eskuinean

Neos izenak badu bere ironia, onar dezagun. Alde batetik, berritasuna adierazi nahi baldin badute, ez datorkit burura hau baino zaharragorik. «Kaspazaleak» izen egokiagoa litzateke.

Denboran zeharreko bidaiak ahalbidetzen zituen tramankulua asmatu zuen Bakterio irakasleak Mortadelo eta Filemonendako. Hori komikietako afera zen, baina beste batzuek aurkitu dute errealitate bilakatzeko bidea, eta saio bat egin zuten lehengo egunean, non eta Iruñean. Neos izeneko txiringito bat aurkeztu zuten, besteak beste, Jaime Mayor Orejak eta Maria San Gilek bizitza, egia, pertsonaren duintasun, familia, Espainia eta monarkiaren alde. Plataforma hau ez da, nonbait, alderdi politiko bat: San Gilen esanetan, ez dute politikagintzan sartu nahi. Hainbat balore bultzatu nahi dituztela esan zuen Mayor Orejak, espainiar Estatuan gertatzen dena fedearen galera baita; hau da, Espainiaren dimentsio erlijiosoarekiko errespeturik eza. Politikagintzan aritu nahi ez, baina ekitaldiaren diskurtso osoa, eszenifikazioa eta han zeudenen profila politiko eta enpresariala zen, batez ere. Horrela, aldarrikatu zuten Nafarroa une larrian dagoela, Espainiaren abangoardia izan ondotik hausturaren abangoardia bilakatu nahi dutelako batzuek. Nafarroak, hori gertatuz gero, Nafarroa izateari utziko lioke, jakina.

Festa kasposoan ez ziren falta bildutakoen amorrua pizteko bideoak, Otegiren, Rufianen eta Irene Monteroren irudiak barne. Nafarroako kaspositatean maisua den Iribasek salatu zuen Ave Maria errezatzeko ustezko ezintasuna, eta nola ez, ETA eta Bildu «zuritzeko» asmoa errefusatu zuen.

Neos izenak badu bere ironia, onar dezagun. Alde batetik, berritasuna adierazi nahi baldin badute, ez datorkit burura hau baino zaharragorik. «Kaspazaleak» izen egokiagoa litzateke, ene uste apalean. Baina agian aldarrikapen hutsa da, neoliberalak eta une berean neokontserbadoreak direla aitortzeko modu bat. Dena dela, bataila kulturala emateko sortu da, eta txantxetatik haratago, erakusten digu batzuk materiala eta kulturala bereizten ari diren bitartean eskuinak oso argi duela botere lehiak esparru guzietan ematen direla.

Bilatu