Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Sanfermin dolua, berriro ere

Kale musikaria naizen aldetik, nekez irudikadezaket jendea animatzen ari delako jotzeari utzi behar izatea baino gauza tristeagorik.

Bi sanfermin eman nituen Iruñeko kartzelan, eta ez nuen inoiz ere pentsatu beste bi gehiago galduko nituenik behin askatasuna berreskuratuta Iruñean bizi arren. Birus madarikatuak, bizitzak eramateaz gain, asko kendu digu, besteak beste gure herrian hainbeste maite dugun besta. Zaila da jakitea non gauden, azken olatuaren buztanean ala hurrengoaren hastapenean –agian jada beste baten gailurrean–; datu eta aurreikuspen tsunamiek gainditu egin gaituzte eta etorkizunaren beldur gara, itxaropenari eutsi nahi diogun arren.

Besta bizitza kolektiboaren esparru berezia da, une berean isla eta salbuespena dena. Hain zuzen ere, horregatik biltzen dira egun gutxitan urte osoko desirak, zapuzteak, gozamenak eta minak. Sintesi korapilatsu horrek astindu egiten gaitu, beti zahar, beti berri, urtero errepikatzen den egitaraua ustekabez blai etortzen delako beti. Eta zain gaude, baita aurten ere, astinaldia iristen ez delako, birusaren tempusa nagusitzen delako oraindik ere, bestarena lapurtuta.

Bestarik ez eta dolu agerpenak nonahi. Maria kanpaia aditzen ari naiz idazten dudan bitartean, baina hiriak ez du soinu hori ohiko moduan aditzen. Kanpaia bera apaltzen dela dirudi, beste urteetako indarra ezin bilduz. Hiria apal dago, eta ez dago altxatzen duen soinurik, denon belarrietan hamaika aditzen diren arren, barne-barnetik sortuak. Gaitari batzuk pasa ziren etxepetik atzo, zer eta "Ikusi mendizaleak" jotzen, eta istant batean kalea lehertu zen, baina behin-behinekoa izan zen; musikariak beraiek ere izutu ziren. Kale musikaria naizen aldetik, nekez irudika dezaket jendea animatzen ari delako jotzeari utzi behar izatea baino gauza tristeagorik. Lasto lehorrean sua erraz, eta denok –gehienok, bederen– sutearen beldur gara, aski erreta baikaude.

«Sanfermin dolua». Kontzeptu gisa ere mingarri egiten zait, baina ez dut hoberik, edo, agian, makurragorik, topatu. Alaitasun hitzak nahi nituzke esan, baina gaur ezin dut...

Bilatu