Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Stuka efektuan erori gabe

"Stuka" Alemania naziaren gerla hegazkin bat zen, izugarrizko zarata egiten zuena abiadura osoz goitik behera erasoka zihoalarik. Zalaparta hura jendea izutzeko asmoz egiten zuten, nahita, Jerikoko Tronpetak izendatutako euskarri batzuei esker. Taktika bat zen, beraz, etsaia paralizatu nahi zuena, erreakzio gaitasunik gabe uzteko.

Egungo eskuin muturrak stuka efektua baliatzen du leku eta une askotan. Gobernura iritsi aurretik, beren egitasmoa argitaratzen dute, konplexurik gabe, motozerra bezalako ikurrak baliatuz. Eta gobernuan daudenean, bizkor eta algara handiz egiten dituzte urratsak, kontrakoak izutu eta paralizatzeko. Nazien bonba-jaurtitzaileek bezala, inpaktu zirraragarria bilatzen dute, nagusitasuna erakutsi eta geldiezinak direla irudikatzeko. Horrela, beren erasoak jasaten dituztenek ez dute erreakzionatzeko aukerarik, etengabean gaindituta daudelako, kolpe batetik bestera, iniziatiba eskuratzeko gaitasunik gabe. Ezuste iraunkorrean kateatuta.

Alta, gauza bat da estrategia batean eraso bortitzek izan dezaketen ikusgarritasuna eta beste bat, bilatzen den efektua lortzea. Taktika horiek funtzionatzen dute norbaitek erritmoa eta logika kolokan jartzea erdietsi arte. Horregatik da hain inportantea dinamika «anti»-etan ez murgiltzea, akats horretan eroriz gero iniziatiba beti besteen eskuetan dagoelako. Jakina, oso beharrezkoa da erresistentzia: erasoei aurre egin behar zaie, zalantzarik gabe. Baina erantzutea ez da aski: iniziatiba hartu behar da, taupada autoritario eta atzerakoien logika eta emankortasuna hausteko.

Finean, eskuin muturra egitasmo, ideia eta jarduera  askatzaile oro indargabetzeko agenda bat da. Konkista historiko guziak ezabatzeko plan bat da, jendarte-egoneza eta «pasio tristeak» erregai gisa erabiltzen dituena, egiturazko zapalkuntza eta dominazioak indartzeko. Eta agenda horri beste agenda emankorragoez  soilik egiten ahal zaio aurre; hots, egungo stuka-zarata guzien gainetik ozen adituko den agenda askatzaile bideragarri baten bidez.

Bilatu