Berrogei urte pasatu dira urtarrilaren 6tik 15erako elurte famatua gertatu zenetik. Bilbon eta Donostian 15 zentimetro elur pilatu zen; Gasteizen −18°C-ko tenperatura minimoa eman zen; Donostian −10°C-koa. Datu esanguratsua, urtarrilaren 8an −4°C-ko maximoa izan zela Donostian. Bai, ondo irakurri duzue: Donostian. Hainbat eta hainbat datu esanguratsu daude, baina ez noa dena esatera, bestela artikulu osoa horrekin soilik emango nuke eta.
Zerk eragin zuen denborale hau? Antizikloi batek. Normalean, antizikloi hitza entzutean, jendeak eguraldi eguzkitsu eta egonkorrekin lotzen du, baina antizikloi honek ez zuen egonkor eta eguzkitsutik ezer. Bi antizikloik, Groenlandian kokatua zegoenak eta Siberian kokatua zegoenak bat egin zuten eta bien artean Siberiatik barrena zetorren aire masa oso-oso hotz bat ekarri zuten. Aire masa horrek Europa zeharkatu eta Kantauri itsasoarekin bat egitean hezetasuna hartu zuen. Osagai horiekin elurra maila guztietan izan zen, eta ez gutxi gainera, arazo handiak ekarriz, bereziki populazio handia den lekuetan.
Eta orain galdera da: gaur egun gerta al daiteke halako egoerarik? Orain dugun egoera eta orain 40 urtekoa ez dira bera, eta halako hotzaldiak edukitzea oso zaila da. Baina eguraldia kaotikoa da eta nork daki...