«El Niño» fenomenoa
Denon ahotan dabil azkenaldian "El Niño". Fenomeno hori Ozeano Bareko uretan gertatzen da. Egoera ohiko batean, eguzkiak ekuatore parean ura berotzen duenean, haize nagusiek ur bero hori mendebaldera mugitzen dute eta ur hori tenperatura hotzagoetan dagoen beste ur batek ordezkatzen du.
Fenomeno hau gertatzen denean, ordea, haize nagusi horiek ahuldu egiten dira, ura ohi baino gehiago berotzen da eta horrek mundu osoko sistema klimatikoa aldatzen du. Bereziki, Hego Amerikako mendebaldeko kostaldean eta Asia hego-ekialdeko estatuetan du eragina, lehenbizikoan eurite handiak utziz eta bigarrenean, lehorteak.
Baina Euskal Herrian zein eragin du? Bada oraindik ez dakigu ziur. Fenomeno hau urruti gertatzeak zuzeneko eraginik ez izatea dakar momentuz. Ez dirudi prezipitazioari dagokionez aldaketa nabarmenik eragingo duenik. Koska tenperaturetan dago. Itxura guztien arabera, batezbesteko tenperaturak igoarazten ditu. Horrekin bero boladak eta lehorteak izateko aukera areagotuko litzateke, bai eta ekaitz erauntsi handiak izatekoa ere. Baina goiz da hori jakiteko.
Soilik aipatu, momentuz, ez dagoela ikaratzeko inolako motiborik. Fenomeno hau ziklikoa da eta maiz gertatzen da. Hori bai, badaezpada prest egotea tokatzen da.
