Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Elur-melur, ez nauk hire beldur

Tira, azken asteetako hego haize zakar eta hein batean amorragarriak alde batera utzi, eta joan den astean elurtetxo bat izan genuen Euskal Herriko txoko askotan, bereziki Gipuzkoa barnealdean eta Araba eta Nafarroa erdialdean.

Esaera zahar ugari dago Euskal Herrian elurraren inguruan, baina eguraldi iragarleok ba ote diogu beldurrik? Gauza jakina da elur-maila asmatzeko garaian meteorologook izaten ditugun buruko minak. Ez baita soilik geruza ezberdinetako tenperatura kontuan hartu behar. Funtsezko gauzak dira, batetik, haizea eta, bestetik, geografia.

Haizea bare edo indartsu dabilen gakoa izaten da. Indartsu dabilenean aire hotzari ez dio uzten beheko geruzetara hain azkar iristen, itsasoak duen epeltasuna ematen dio aireari eta elur-maila igoarazten du. Haize geldia eta prezipitazio iraunkorra izaten dira gako elur-maila jaits dadin.

Geografia ere funtsezkoa da. Ez da gauza bera itsasondoan egotea edo 1.000-1.500  metro arteko mendiez inguratuta egotea. Aire hotzak haran sakonak ditu maite eta zokoetan bizirautea du gustuko; hala, mendi inguruetan elur-maila beherago kokatu ohi da.

Beraz, ikusten duzue zein nekeza den ze elur-maila izango den asmatzea. Esan daiteke maitasun-gorroto moduko bat diogula eguraldi iragarleok elurrari, baina beldurrik izan gabe.

Bilatu