Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Hau ez da normala

Ez dira gutxi jendartean entzun ditudan zenbait komentario azken aldian darabilgun eguraldi ero honen inguruan. Komentario horien artean ohikoena «hau ez da normala» izan da. Baina honen inguruan zer dio meteorologiak?

Aste santuaren aurretik egun batzuetan eguzki giroa eta epeltasun nabaria izan genituen, non termometroek leku askotan 20 graduak gainditu zituzten, leku batzuetan 25 graduak gertu edukiz. Ondoren aste santuan nahasiak eta ezegonkorrak izan dira, termometroetan gorabehera askorekin. Azken bi asteetan, aldiz, joera ezegonkorra izan da, tarteka eguzkiak gogotik lan eginez eta tarteka hotzak eta mendietan elurrak bisita eginez. Utzi iezadazue esaten erabat normala dela. Apirilean eta maiatzean lasai ederrean daki, egun gutxiren buruan, mendi gailurrak zuritzetik 25 edo 30 gradu izatera pasatzen. Egun puntualak dira, eta horrek ez du kalterik suposatzen. Udaberria halakoxea da, ero hutsa.

Iruditzen zait gure urtaroen berezitasunak eta eguraldi motak ahaztu zaizkigula eta horrek dena ez-normaltzat hartzera eraman gaituela. Klima aldaketaren testuinguruan mezua argi utzi nahi izatea beharrezkoa da, bai, baina jendeari garbi utziz eguraldiak eguraldi izaten segitzen duela eta urtaroek urtaro, normala ez dena normalizatu gabe, eta alderantziz.

Bilatu