Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Lehortea akabo?

Azken egunetan ekaitz moduan ez bada, fronte baten bitartez, baina Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan euria majo bota du eta litro ederrak pilatu dira. Egia esan, eta ez da oso aditua izan beharrik horretarako, premia bazegoen.

Horrek ordea lehortea amaitu dela esan nahi al du? Ni oraindik ezezkoan nago. Egia da litro politak bota dituela, baina udan izan dugun lehortearekin eta iraila izan den lehorrarekin, gure lur, belardi, baso eta urtegiek oraindik ere ur falta daukate.

Eta galdera da: zenbat euri egin beharko luke denak asebeteta uzteko? Ba ez dago zenbaki zehatzik, baina asteazkenean eta atzo izan genituen eurite horietako beste bi edo hiru gehiago gutxienez izatea behar-beharrezkoa litzateke.

Behintzat, joera aldaketa bat ikusten da. Jada geroz eta tenperatura freskoagoak dauzkagu eta euria ere geroz eta gehiago datorkigu bisitan. Hala ere, epe ertain edo luzean ez da eurite handirik ikusten ortzi mugan; beraz, pazientzia izan behar.

Ikusi beharko da udazkenak zer joera hartzen duen, baina ni baikorra naiz euri aldetik emankorra izango dela eta negua gerturatzearekin batera ere gure mendietan nahikoa elur botako duela, azken udazken eta neguetan ez bezala. Ea bere alderdirik errealena erakusten digun eguratsak.

Bilatu