Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Ortziraleak

Ortzirale hitzaren jatorriak badu ekaitz edo ortzantzarekin zerikusirik. Garai batean ekaitz eguna izaten omen zen ostirala, eta horregatik jarri omen zioten izen hori. Eta kasualitatez, orain ia bi aste Goierri eta Tolosaldea astindu zituen ekaitza ostiralez lehertu zen.

Ekaitz berezia izan zen. Hego-ekialdetik barrena sartu zen, hego-ekialdeko haizeak bultzatuta erdi-mailako geruzetan, Mediterraneoko aire epel eta hezeaz elikatuta. Goierri eta Tolosaldera gerturatzean, ipar-mendebaldeko haize heze eta freskoagoarekin talka egin zuen. Haize borroka horretan, ekaitza berrelikatzen joan zen denbora luzez, eta sekulako litro pila utzi zituen bi ordu eskasean.

Soilik haize borroka horretan garaile bat sortu zenean joan zen ekaitza iparraldera mugitzen eta ahultzen. Eta eskerrak hala izan zen, bestela askoz triskantza handiagoa eragingo zuen eta.

Ez zegoen ekaitz hau aurreikusterik. Eredu meteorologikoek ekaitz oso gogorrak izateko probabilitatea %10etik behera aurreikusten zuten, eta hori oso probabilitate baxua da. Meteorologoei errua botatzea lekuz kanpo zegoen, beraz.

Gauza bat oso garbi dago: gu ere ez gaude prest, ama naturak halako erakustaldiak ematen dituenean, bere ondorioei aurre egiteko. Hau Paiportakoa baina bost aldiz txikiagoa izan zen, eta begira.

Bilatu