Azken egunetan behin eta berriz irakurri dudan lerroburua da itsasoko uraren tenperaturak azken egunetan izan duen gorakada itzela. Datu gisara, Mediterraneoko hainbat puntutan 30 graduak harrapatu dira, eta txoko askotan 27-28 gradutik gora kokatu. Egoera benetan arrotza. Normalean baino 4-5 gradu gehiago ditu itsasoko uraren tenperaturak.
Eta euskal kostaldean zer? Bada, bertan ere gauzak ez daude behar bezala. Uraren tenperatura bertan ere ohikoa baino 4-5 gradu gehiago markatzen ari da. Eta hau ez da egoera arrunta, ez.
Orain hilabete pasatxo, uraren tenperatura ohiko baloreetan edota zertxobait beherago zebilen. Ekaina, ordea, oso-oso beroa izan da, eta horrek ekarri du itsasoko ura hainbeste berotzea.
Eta orain zer? Galdetuko duzue zuotako askok. Ba, ikusi egin behar. Itsasoko ura behar baino gehiago berotzeak itsas brisa moteltzea dakar, egun beroetan itsasoak ematen duen erantzuna ahulduz eta freskatzea ekidinez. Eta are okerragoa dena, galernak eta itsas frontea sartzen direnean, ekaitz gogorrak izateko aukera asko igotzen da.
Egoera hau nolabait alda dezakeena uztail eta abuztu hasiera freskoak edo hotzak izatea da, baina hartu duen joera ikusita, zaila dirudi. Gutxienez, honek denak ez dezala egoera larririk ekarri.
