3 kazetari itzulia

Mont Saint Michel-era joan nahi dut

Imanol Carrillo

Tourreko emankizunek sarritan oso irudi politak erakusten dizkigute. Egia esateko, gaurko etapako azken metroek arnasik gabe utzi didatela aitortu behar dut –Mark Cavendishen neurriz gaineko jokaldiarengatik–, baina oraingo honetan ez dizuet kirol arloari buruz hitz egin nahi; moto eta helikopterotik hartutako paisaia ederrei buruz, baizik.

Tropelak atzean utzi ditu jada Pirinioak, eta hurrengo tontorretara igo baino lehen, frantsesez esaten den château horietako gaztelu ugari ikus ditzakegu telebistatik. Txikitatik harritu eta gustatu izan zaizkit honelako eraikin historikoak, eta nire bizitzan horietako gutxi batzuk ikusteko aukera izan dut. Azkenekoak Eskozian izan ziren, iragan urrian. Baina lurralde horretako Highland-etan barneratzeko ideia sortu baino lehen, beste toki eder bat izan nuen buruan; hain zuzen ere, biharko etapako helmuga dena: Mont Saint Michel.

Baliteke txirrindulariek, erlojupekoan lehiatzen doazen bitartean, irla honek erakusten duen dirdirarekin ez gozatzea. Baina beste guztioi, ikusle eta jarraitzaileoi, leku honek duen magiak beste mundu batera eramango gaituelakoan nago. Urte askotan zehar gotorleku menderaezina izan den mendi hau, biharkoan, txirrindulari eta zaleengatik inbaditua izango da.

Ezagutzen edo inoiz irudirik ikusi ez duzuenoi, gomendio bat: biharko etapa ikusi. Urtean 3,2 milioi turistek bisitatzen dute toki hau. Datua benetan aipagarria iruditzen zait. Nik, bitartean, txirrindulariak bertatik pasatzeko ordu gutxi falta direnean, galdera bat egiten diot neure buruari: Noiz eramango nauzu Mont Saint Michelera?