Kalikles, Platonen Gorgiasetik abiatuta, Trumpen politikaz mintzo
Gure garaiko agertoki politikoan, Kalikles, Platonen Gorgias elkarrizketakoa berpiztuko bagenu, ez litzateke harritzekoa Donald Trumpen politikaren aldeko ahots sutsu bihurtzea. Kaliklesen begietatik, Trump ez litzateke batere eskandalagarria izango, naturazko justiziaren logikan kokatutako lider «indartsu bezain beharrezkoa» baizik.
Aipatu Gorgiasenean, Kaliklesek argi dio gizarte legeak eta morala ahulen asmakizuna direla, indartsuen boterea mugatzeko sortutako fikzio faltsuak.
Berak ordea «naturazko justizia» aldarrikatzen du, hau da, egiazkoa eta bidezkoa dela indartsuek ahulen gainetik nagusitzea, euren interesen arabera bizitzea, plazer eta botere gose asezin batek gidatuta betiere.
Bestetik, Kaliklesek berdintasun politikoarekiko erabateko mespretxua erakusten du, zera, demokraziaren balizko berdintasun diskurtso hura haurren kexa gisa ulertzen baitu.
Beraz, Kaliklesek gaur egungo AEBetako politikaren berri izango balu, Trumpengan ikusiko luke indartsuaren eta masa suminduaren arteko aliantza bitxi baten eredua. Trumpen migrazio-politikak (legeztatu gabeko migratzaileen deportazio masiboaren aldeko diskurtsoa, muga kontrol zorrotzak, segurtasunaren izenean) «indartsuen komunitatearen» defentsa modua interpretatuko lituzke, nazioaren osotasuna babesteko ahulen eskubideak zapaltzea zilegi dela esanez.
Halaber, merkataritza politikan inposatu nahi diren zergak eta protekzionismo ekonomikoarengan indar proiekzio mekanismo onak ulertuko lituzke zeren eta estatuek ere euren onura handiena bilatu behar dute, nazio ahulagoen kaltetan «naturazko lehia» honetan. Onartu lituzke, bada, Gazan, Venezuelan, Kuban edota Iranen erakutsitako jarrera oldarkorrak.
Kaliklesen ikuspegiaren arabera, baliabide ekonomikoen eta botere estrategikoaren pilaketa gozamenerako baldintza da, eta horregatik Trumpen fosilen aldeko apustuak eta ingurumen politika progresisten kontrako jarrerak nazio boteretsu baten desira naturalen adierazpenak lirateke, besterik ez.
Gorgiasenean Kaliklesek Socratesi esaten dionaren ildotik, Trumpen hitzetan eta praktiketan ondo ikusiko luke kritikaren eta instituzioen aurkako etengabeko liskarrak, alegia, epaileen independentziarekiko mesfidantza, hedabide kritikoen aurkako erasoak, eta «traidoretzat» jotako funtzionario edo politikarien aurkako hizkera gogorra.
Kaliklesek naturazko buruzagiari barkatuko lioke, ordea, legearen mugetatik ibiltzea edo hauek malgutzea, baldin eta horren bidez bere komunitatearen nagusitasuna eta bere jarraitzaileen interesak sendotzen baditu. Hor kokatuko luke, adibidez, AEBko Kongresuaren kontrako istiluetan parte hartu zutenen indultu aukeraren aldeko diskurtsoa, sistema zaharraren aurka matxinatu ziren «indartsuen» aldeko keinua izan zela ulertuko luke, inola ez demokraziaren larrialdirik.
Halere, Gorgiasen elkarrizketan bertan, Kaliklesek ezin du erabat gainditu Socratesek egindako kritika, hauxe, plazer eta botere gose neurrigabeak, azkenean, subjektua bera hondora eraman dezakeen zuloak direla.
Gaur, Trumpen politikaren aurrean, Kaliklesek alde batetik indartsuaren garaipen naturala ospatuko luke, baina, bestetik, onartu beharko luke arrisku bat badagoela, honakoa, boterearen eta masen manipulazioaren arteko aliantza horrek gizartea desorekatu, instituzioak higatu eta, finean, bere buruari ere arrakala ireki diezaiokeela. Nolabait esanda, erabateko nagusitasuna erakutsi arren, bere jarraitzaileen interesak sendotzen ez baditu zer gertatuko zaio?
Horren aurrean geratuko litzateke mutu Kaliklesen ahotsa, baita haren indarraren eta «naturazko justiziaren» apologia ere. Gorgiasen idazlea izan zen Platonen galdera deseroso honi taxuzko erantzunik eman ezinik, ea benetan gizaki guztientzat ona ote den mundua indartsuen apetaren arabera bakarrik antolatzea.
Platonen galdera aspaldiko da eta, era bertsuan, oso garaikidea. Dilema horrek, duela 2400 urte agertu zena, gaur egun ere, praktika politikoaren etengabeko arazoetako bat izaten segitzen du.
Ez da ahaztu behar, ordea, boterea dagoen lekuetan beti daudela erresistentzia aukerak, ezarritako diskurtsoak eta garatutako bortxak zalantzan jartzeko, elkartasun espazio alternatiboak sortzeko, justifikatu gabeko arauak desobeditzeko eta kontrol-mekanismoek nola funtzionatzen duten erakusteko.
Alegia, arazo praktikoa ez dela hainbeste botere eskuraezin bat garaitzea, baizik eta botere horrekiko harremanak eraldatzen joatea eta, bitartean, jaurkitze praktikak laguntzea. Kalikles kanpora!
